Berria

ACERINOXek fatxadetarako dituen produktuen ezaugarriak zehaztu ditugu

2018ko otsailaren 20a

Lan hau LEED ziurtagiria duten eraikuntzetarako eraikuntzako materialen ezaugarri optikoak finkatzeko jardueren osagarri bat da

TECNALIAk ACERINOXen fatxadetarako eta gainazal arkitektonikoetarako altzairu herdoilgaitzezko produktuen ezaugarri optikoak finkatu ditu, argiaren erreflektantziaren balioak (LRV) zehaztuz BS 8493:2008+A1:2010 araurako.

Argiaren erreflektantziaren balioa (LRV) da gainazal batek zer erradiazio ikusgai islatzen duen giza begiak erradiazioarekiko duen sentikortasunaren aldean. Hau da, gainazal batean hautematen dugun itxuraren neurri bat da. Parametro horren garrantzia estetika hutsa baino handiagoa da, kontuan hartu behar baita, esate baterako, pertsonentzako igogailu bat diseinatzean.

Bestalde, altzairu herdoilgaitzezko zenbait gainazaletan, argiaren erreflektantziaren ispilu-osagai maximoa ere kalkulatu da, baloratzeko gainazalaren distira eta, ondorioz, itsualdiak eragiteko aukera.

Jarduera horiek guztiak Industry Lab_services alorreko optikako laborategiaren lanean sartzen dira. Laborategi horrek egiten dituen lanen artean, azpimarratzekoa da eguzki-argiaren erreflektantzia-indizearen azterketa (SRI), indize hori eraikinen LEED ziurtagirietan erabiltzen delako. LEED (Leadership in Energy & Environmental Design) eraikin jasangarriak ziurtatzeko sistema bat da, Estatu Batuetako Eraikuntza Berdearen Kontseiluak garatua. Eraikinen jasangarritasuna lortzeko estrategien erabilerari buruzko arau-multzo batez osatua dago. Haietako baten helburua estalduretan edo estaldurarik gabeko gainazal horizontaletan (hala nola aparkalekuetan) “bero-uharteak” urritzea da. Eraikinak baldintza hori betetzen duen edo ez ikusteko, han jarriko diren materialek eguzki-argiaren erreflektantziaren zer indize duten jakin behar da.

ACERINOX enpresa altzairu herdoilgaitzen ekoizle handia da, eta altzairu herdoilgaitza arkitekturako gainazal gisa erabiltzen duten produktuen katalogo bat du. Fatxadan altzairu herdoilgaitzak erabiliz, fatxadetako ohiko beste produktuek ez bestelako itxura eta ezaugarriak ematen zaizkio eraikinaren inguratzaileari.

Harremanetarako: Susana Santamaria
Optikako laborategia
TECNALIA