Berria

BASFk eta TECNALIAk produktu fitosanitario berrien I+Ga azeleratu dute digitalizazioaren bidez

2020ko azaroaren 6a

Adimen artifizialaren eta ikaskuntza automatikoaren bitartez, gaixotasunak eta izurriak fidagarritasunez azter daitezke landa-saiakuntzetan, mundu osoan zehar

BASFrekin batera, digitalizazioan dihardugu lanean, produktu fitosanitario berrien ikerketa eta garapen globala azeleratzeko. Era horretan, bestela baino azkarrago gara daitezke mundu osoko nekazarien premiei erantzuteko moduko berrikuntzak. Izan ere, halakoek laboreetako belar txarrak, onddoak eta intsektuen izurriak kontrolatzen dituzte, eta errendimendua zein biodibertsitatea babesten.

Irudiak modu automatikoan ezagutzeko teknologia bat garatu dugu batera, landare, izurri eta gaixotasunen espezieak eta kantitateak zein diren zehazteko, landa-saiakuntzetan eta berotegi-saiakuntzetan. Laboreak gaixotasunetatik eta izurrietatik babestea funtsezkoa da erein daitezkeen lurren errendimendua jasangarritasuna bermatzeko gisan hobetzeko, eta handituz doan biztanleria elikatzeko.

Ramon Navarra-Mestre nekazaritza-ikerketako estazio globalen burua da BASFn, eta, hark dioenez, “2014an hasi ginen TECNALIArekin lanean, eta, era horretan, azken belaunaldiko algoritmoak erabil ditzakegu, adimen artifizialean eta ikaskuntza automatikoan oinarritzen direnak. Teknologia berri eta efiziente horrek lehenagokoa baino informazio fidagarriagoa ematen digu landa-saiakuntzen gure sare globalari buruz, irudiak ezagutzeko ebaluazioak maizago egin baitaitezke, eta datu objektiboagoak lortu, ohiko metodoen aldean”.

Produktu berrien efizientzia

BASFk egiten dituen landa-probetan datu-kopuru handi-handiak sortzen dira, eta, haiek aztertzen eta prozesatzen gabiltzanez, TECNALIAk etengabe garatzen ditu algoritmoak. Zenbat eta informazio gehiago txertatu datu-basean, orduan eta emaitza fidagarriagoak eta esanguratsuagoak lortzen dira.

Datu-multzo oso horiek baliatuz, BASFko ikertzaileek eta garatzaileek era optimoan ebalua ditzakete produktu fitosanitario berriak. Hala, I+Gko prozesuaren hasierako etapetan, are arreta handiagoa ipin dezakete etorkizun oparoko osagai aktiboetan.

Informazio gehiago nahi baduzu digitalizazioari, adimen artifizialari eta deep learningari buruz, idatzi hona: industria@tecnalia.com