Berria

BiMEPek eta TECNALIAk beren arteko aliantza sendotu dute

2018ko martxoaren 5a

Itsas zabaleko energia berriztagarrien hedapena bizkortzeko soluzio aurreratuak ematea dute helburu

Itsasoko energia berriztagarriak baliatzeko prototipoen saiakuntzak egiteko azpiegitura garatu zenetik, elkarrekin lanean aritu dira BiMEP eta TECNALIA proiektu hori martxan jartzeko. Elkarrekin jarraitu dute erakunde bakoitzaren ahalmenak garatzen eta I+Gko zenbait ekimen egiten. Bi erakundeek dituzte antzeko estrategiak eta helburuak Euskadin itsas zabaleko energia berriztagarrien garapena sustatzeko eta alor horretako industria eta ezagutzaren sektoreak sendotzeko, zeinak bat baitatoz Eusko Jaurlaritzak energiaren alorrean duen espezializazio adimenduneko estrategiarekin (RIS3), hau da, Energibasquerekin.

BiMEPek eta TECNALIAk beren arteko harremana estutzea erabaki dute, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, sinergiak indartu nahi dituzte, eta baterako ekintzak sustatu, beren ahalmenak maximizatzeko. Asmoa da soluzio aurreratuak sortzea itsas energia berriztagarrien hedapena bizkortzeko, eta, hala, Euskadi teknologia horien garapen-gune gisa posizionatzea.

Helburu hori lortzeko kontuan izan beharreko alderdi nagusietako bat itsas energiarekin erlazionatutako zenbait teknologiaren saiakuntzak estandarizatu eta ziurtatu beharra da, hala nola olatu-energiaren kaptadoreen saiakuntzak eta aerosorgailu flotagarrienak. Horretarako, asmo handiko I+Gko programa bat jarriko dute martxan BiMEPek eta TECNALIAk, eta batera posizionatuko dira Espainiako eta nazioarteko foroetan.

BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) sozietate publiko bat da, eta IDAEren parte-hartzea ere badu (EEE % 91, IDAE % 9). Itsas energien garapen teknologikoa bizkortzeko helburua du, haiek merkaturatzera iristeraino. Horretarako, itsas energiaren kaptadoreen saiakuntzak eta probak egiteko azpiegitura bat egin du itsas zabalean. Egitura horren helburu nagusia da itsas energien kaptadore prototipoen saiakuntzak egitea, seguruak eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla frogatzeko eskala handian merkaturatu aurretik.