RedMENTES energia-trantsizioa efizientea eta iraunkorra izan dadin sortu da
RedMENTES sarea (energia-trantsizioa efizientea izateko energia-modelizazioa) Espainia osoan zeharrekoa da, eta, haren barnean, bat egin dute energia-plangintza ikertzen diharduten eragile garrantzitsuenetako batzuen ezagutzek eta esperientziek. Herrialdeko energia-errealitatearekin bat datozen plangintza-tresnak prestatu eta eskainiko ditu sareak, erabaki estrategikoak hartzeko; xede horrekin, ekonomia-, gizarte-, eta ingurumen-ondorioak ebaluatuko dira.
Energia-plangintzako TECNALIAko aditu-talde batek sare horretan parte hartzen du, Eneko Arrizabalagak eta Diego Garcia-Gusanok koordinatuta. Sarean, aditu-talde horrek bere ezagutzak eta eskarmentua eskaini ditu, eraikin, hiri eta eskualdeetan energia-sistemak modelatzen lortutakoak; zehazki, iraunkortasun-agertokiak epe luzera simulatu edo optimizatzeko eta plangintzan laguntzeko ikuspegitik dihardute.
RedMENTES topagune bat da estatuko ikerketa-talde nazionalentzat, zeinek, ikuspegi eta hurbilketa ezberdinetatik, energia-modelizazioan lan egiten baitute; era horretan, sinergiak baliatu eta ikerketa-lehentasunak ildo berean jarri ahal izango dituzte, herrialdeko premiei eta erronkei erantzuteko.
Sareak partaideen arteko lankidetza eta nazioartean duten presentzia indartzen du. Orobat, herrialdean energia-modelizaziorako gaitasunak sor daitezen sustatzen du, prestakuntza-jardueren bitartez: doktorego-tesietan zuzendarikide izateko eta sare barneko zentroetan egonaldiak egiteko aukera dago.
Helburuetako beste bat gizarteari lanaren berri ematea da: ikerketa-ildoen emaitzak, energia-trantsizioak nolako inpaktuak izango dituen, eta trantsiziora egokitzeko aukera politikoak eta ekonomikoak zein diren.
Informazio gehiago