Berria

Konponbide berritzaileak industria zirkular eta jasangarri baterako

2023ko urtarrilaren 19a
Soluciones innovadoras para una industria circular y sostenible

“Soluzio modular bat garatu dugu, hondakin metalikoen balorizazioan eta beste teknologia batzuetan oinarritua”

Hiru teknologia konbinatuta, industria garbiago bat lortzen da

CIRMET ekimenean (TECNALIAk koordinatzen du eta 15 bazkidek osatzen dute), hiru teknologia garatu ditugu industria garbiago bat lortzeko. Effimeltek metal-hondakinak balorizatzen ditu; Recuwastek sortutako beroa berreskuratzen, eraldatzen eta biltegiratzen du; eta AFF40 prozesu horiek digitalizatzean oinarritzen da.

Hiru teknologia horiek konbinatuta, inpaktu soziala lortzen da: batetik, jatorri fosileko CO2-emisioak murrizten dira; bestetik, zabortegian amaitzen duten hondakinen kopurua murrizten da; eta, azkenik, onurak lortzen dira energia-kontsumoaren ondorioz.

Natura- eta energia-baliabideen kontsumoa murriztea lehentasunezko gai estrategiko bihurtu da prozesuen industriaren lehiakortasunari eusteko. Gaur egungo erronka da energia-iturri berriztagarrien erabilera areagotzea, energia-efizientzia handitzea eta sortutako hondakinak balorizatzea, beste erabilera bat emanez eta hala industrian ekonomia zirkularra sustatuz.

Hondakinen balorizazioan oinarritutako soluzio modularra

CIRMET ekimenean soluzio modular bat garatu dugu, hondakin metalikoen balorizazioan eta beste teknologia batzuetan oinarritua. Horretarako, prozesu pirometalurgiko bat erabili dugu balio handiko metalak eta ihes-gasen beroa berreskuratzeko eta aire konprimitu bihurtzeko, eta gehiegizko energia biltegiratu ahal izateko. Gainera, prozesu osoa digitalizatzen da, hainbat tresna fisiko eta digitalen bidez.

Soluzio honen azken erabiltzailearentzat, energia eta lehengai gutxiago kontsumitzeak eta sortutako hondakinen kudeaketan gastu gutxiago egiteak eragiten du inpaktu ekonomiko handiena.