Berria

Lehen autobus automatizatua garatzen parte hartzen ari da tecnalia, Malagan

2018ko otsailaren 21a

Ibilgailuak hiri-garraiorako eta garraio industrialerako automatizatzeko teknologiak garatzea da helburua

Garraioaren automatizazioak paradigma-aldaketa bat ekarriko du gaur ezagutzen dugun mugikortasunera. Aldaketa horrek nabarmen eragingo die pertsonen bizimoduari, salgaien garraioari eta garraioarekin loturiko beste sektore batzuei. Hiriek eta enpresek segurtasunaren eta mugikortasun adimendunaren alde egiten duten apustu nagusia da garraioaren automatizazioa.

Testuinguru horretan, Málagan jarriko da zero emisioko autobus automatizatuko Europako lehen zerbitzu pilotua. Málagako portua eta hirigunea lotzen dituen bidea egingo du, hain zuzen.

Ekimen hori, AutoMOST, duela urtebete jarri zen martxan. Grupo AVANZA garraio-operadorea du buru, eta haren garapenean, helburuak lortzeko elkarrekin lanean 12 bazkide daude: Avanza, Irizar, Datik, Etralux, Insitu Ingeniaritza, Novadays, Masermic, TECNALIA, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Insia, Ceit-IK4 eta Vigoko Unibertsitatea. Ibilgailuak hiri-garraiorako eta garraio industrialerako automatizatzeko teknologiak garatzea dute helburu, hartara nabarmen egingo dute gora eraginkortasunak, segurtasunak eta jasangarritasunak. AutoMOST proiektuari esker, kontrol partekatuko sistemak (Dual-mode) ezarri ahal izango dira etorkizuneko ibilgailu automatizatuetarako, gidaritza automatizatua trafiko-baldintza errealetan gauzatu dezaten hiri-ingurune dinamikoarekiko interakzio seguruan.

Ekimen hau aitzindaria da Europan, eta, Málagan, 2020an bihurtuko da errealitate. Esperientzia pilotua datozen hilabeteetan ezarriko da, eta eraginkortasunez erantzungo die gurutzaontziak porturatzean sortzen diren noizean behingo mugikortasun-beharrei, hiriguneko joan-etorria ahalbidetuz. Hala, erakargarriagoa izango da portuaren azpiegitura itsas bidaiak egiten dituztenentzat, denbora gehiagoz gozatu ahal izango baitute hiriko gauza onez.

Itsas bidaiak egiten dituztenentzako zerbitzuaz gainera, hiri-inguruneko azpiegituren mantentze- eta zaintza-lanetarako ibilgailu automatikoen sistema bat ere garatuko da ekimen honetan.