Berria

Marterako misio bateko partaide gara

2018ko uztailaren 4a

Mars Simple Return (MSR) nazioarteko misioko partaideak gara; misio horretan, kapsula bat eramango da eguzki-sistemako bigarren planeta txikienera, eta hango lagin fisikoak Lurrera ekarriko dira

Europako Espazio Agentziarekin (ESA) elkarlanean ari gara proiektu horretan, eta emaitza ezkutu termiko bat da, Lurrera itzultzean kapsula beroaren aurka babesteko estalki bat, Martetik lagin fisikoak ekartzean muturreko tenperaturak jasan ahal izan ditzan.

Martetik itzuliko den kapsulak Lurrera iristean izango duen abiadurak historiako errekor guztiak gaindituko ditu: aurreikuspenen arabera, soinua baino 50 bider bizkorrago iritsiko da, eta 3.000 graduko tenperaturara ere irits liteke. Halako bero-fluxua jasateko, ezkutu termiko bat sortu behar da, kapsula babes dezan abiadura handiari eta atmosferako marruskadurari eraginkortasunez aurre egiten diotenen azken belaunaldiko materialekin.

Ezkutu termikoa egiteko materialetan dago berrikuntza: belaunaldi berriko ablazio-material arinak erabiliko dira, deskonposatzen direnak. Material horien kostua txikiagoa da, eta behin soilik erabil daitezke. TECNALIAk, material berriaren ezaugarriak zehaztu ditu, eta ezkutua mihiztatu du, han sentsore guztiak txertatuta eta aurretik lauza guztien akaberako mekanizazioa eginda (ArianeGroupek helarazi zizkion lauzak Tecnaliari). Material hori erretxina fenolikoan inpregnatutako karbono-zuntzez osatua dago. Hori da, hain zuzen ere, kapsula Lurrera itzultzeko planeta batetik ateratzean sortzen den beroa jasateko gai den material bakarra.

Orain arte, Estatu Batuetan baino ez da erabili material hori. Orain, ordea, materialaren Europako bertsioa landu da, eta merkeago ekoizten da. ArianeGroup taldea (partaideak: Airbus eta Safran, goi-teknologiako nazioarteko multinazionala) eta DLR jardun dira Tecnaliarekin elkarlanean material hori diseinatzeko.

Frogatu dugu badugula europar gaikuntza Mars Simple Return misioan parte hartzeko, eta, orain, zain gaude, misio horretako prototipo erreala eraikitzeko eskaera noiz iritsiko.