Berria

Material metalikoen zailtasuna egiaztatzeko balio duten inpaktu-saiakuntzak egiteko ekipo berria dugu

2020ko maiatzaren 5a

Charpy pendulu berriak baditu arauaren araberako eskala guztietan saiakuntzak egiteko behar diren osagarriak

TECNALIAren saiakuntza mekanikoen laborategian, material metalikoen zailtasuna egiaztatzeko inpaktu-saiakuntzak egiteko ekipo berria dugu.

Zailtasuna honela definitzen da materialen zientziaren arloan: material batek inpaktu baten eraginez apurtzera iritsi aurretik xurga edo meta dezakeen deformazioko energia guztia. Materialaren erresistentzia eta deformagarritasuna konbinatzen ditu, eta kanpoko bat-bateko indar baten ondorioz deformatu eta apurtzen denean egiten duen lan gisa adierazten da. Propietate hori zehazteko metodo nagusia Charpy saiakuntza da, eta erabilitako ekipoa Charpy pendulua.

Gure saiakuntza mekanikoen laborategiak eskuratu duen penduluak baditu nazioarteko Charpy inpaktu-arauetan (ISO-148 eta ASTM E23) definitutako eskala guztietan saiakuntzak egiteko behar diren osagarriak. Gainera, egokia da IZOD inpaktu-saiakuntzak egiteko (material plastikoen zailtasuna kalkulatzeko erabili ohi dira), bai eta “Tensile impact” (inpaktu bidezko trakzio) deritzen saiakuntzak egiteko ere.

Ekipoak 450 J bitarteko ahalmena du, eta edozein material metaliko (herdoilgaitzak barne) probatzeko aukera: pantaila digitala du, datuak bildu eta tratatzeko softwarea, emaitzak esportatzeko gaitasuna, bai eta txostenak erredaktatzekoa ere. Azkenaldian laborategietan lehenesten ari garen digitalizazio-prozesuan ere egiten dira inpaktu-saiakuntzak.

Laborategi honetan, edozein motatako saiakuntza suntsitzaileak egiten ditugu edozein industria-sektoretako materialak eta osagai bukatuak karakterizatzeko.

Adituak gara makina unibertsaletan edo ardatz anitzeko saiakuntza-plataformetan egindako saiakuntza estatiko eta dinamikoetan, edozein dela ere eskaera (trakzioa, konpresioa, flexioa...) eta saiakuntza-mota (gogortasuna, isurpena, nekea, hausturaren mekanika...). Saiakuntzak giro-tenperatura altuan zein baxuan egiteko gaitasuna dugu.

Saiakuntza estandarrak arauaren arabera egin ditzakegu (produktu edo materialari dagokionez), edo bezeroaren zehaztapenen arabera. Saiakuntzak "neurrira" ere diseinatzen ditugu produktuak eta osagaiak estrukturalki baliozkotzeko, segurtasuna eta/edo kalitatea bermatuta.

Egitura baliozkotzeko zerbitzu integrala eskaintzen diogu industriari, oro har, eta zenbait arlotako fabrikatzaileei (automozioa, elikadura, energia, osasuna, trengintza eta ekipo-ondasunak).