TECNALIAn aurrera jarraitzen dugu gure laborategiak digitalizatzeari dagokionez, eta gure bezeroekin komunikatzeko eta lan egiteko modua goitik behera aldatu dugu, haien laborategiak eta adituak hurbiltzen dituzten zerbitzu digital berrien bidez.
4.0 zerbitzuarekin, TECNALIAk enpresa eta bezeroekiko 360°-ko komunikazioa indartzen du. Haren bidez, enpresek eta bezeroek laborategi fisikoekiko interakzioa urruneko harreman konektatuarekin konbina dezakete tresna digitalen bidez.
myTecnalia, bezeroen atari berria
myTecnalia tresna digital berri bat da, proiektuak urrunetik kudeatzeko aukera ematen duena. Aldebiko proiektuetarako egin da plataforma; hau da, TECNALIAren eta enpresa baten artean garatzen direnetarako. Erabilera digitalizatzeko bidean emandako urrats horrekin, indartu egiten dira langile teknikoekiko zuzeneko komunikazioa, lanak efizientziaz kudeatzea, eta proiektuak garatzean eta saiakuntzak egitean sortutako informazioa noiznahi eta era seguruan ikusteko aukera.
myTecnalian, lanekin lotutako aplikazioak daude, hala nola:
- Eskaintzak online eskatzea.
- Eskaeren kontrola.
- Lan horien jarraipena egitea.
- Laborategiko hitzordu-egutegiaren kontrola.
- Remote Testing eta Connected Labs zerbitzu digitaletarako sarbidea.
Connected Expertise, aholkularitzako, auditoretzako eta ikuskapeneko zerbitzu digitala
Connected Expertise zerbitzuak gure teknikari adituak enpresetara gerturatzen ditu digitalki, TECNALIAk garatu duen errealitate areagotuko web-aplikazio baten bitartez.
Hala, gure adituek errazago egiten dituzte aholkularitza, auditoretza eta ikuskapen digitaleko lanak, joan-etorriak aurreztuta.
Connected Labs, gure laborategietarako sarbide digitala
Connected Labs zerbitzuarekin, bezeroak web-plataforma baten bitartez bistaratu ditzake laborategiak, eta multi streaming bidez monitorizatu saiakuntzak, bai eta teknikari adituekin interakzioan jardun ere saiakuntzan zehar.
Saiakuntzako irudi eta datuak jaso eta igortzen direnez, saiakuntza egin zaion produktuaren portaera zuzenean nahiz gerora aztertu ahal izango da.
Informazio hori gordeta, datu historikoen analisia erraztuko da, eta une bakoitzean egindako saiakuntzen emaitzak konparatu ahal izango dira. Hala, produktua hobeto garatu ahal izango da.
Zerbitzu hori osatzeko, TECNALIAk garatutako Connected Expertise aplikazioa erabil daiteke; errealitate areagotuaz baliatzen da, eta aukera hauek ditu, gainera:
- Bezeroak urrunetik gainbegiratzea saiakuntzako laginak nola muntatzen diren.
- Saiakuntzak egiten diren bitartean, xehetasun espezifikoak zuzenean bistaratzea.
- Saiakuntzen ostean laginak zer egoeratan dauden bistaratzea.
Remote Testing, bezeroen laborategi digitalizatuen saiakuntza eta ziurtapena
Remote Testing urruneko saiakuntza- eta ziurtapen-zerbitzu bat da. Gure bezeroaren laborategietako instrumentaziora konektatzen gara, laborategi digitalizatu horietan egiten dituzten saiakuntzak gainbegiratzeko, haien auditoretzak egiteko edo ikuskatzeko; laborategi horiek, era berean, TECNALIArekin konektatuta daude.
Zerbitzu horri esker, saiakuntzetako kondizio eta emaitzak TECNALIAko laborategietan bertan aplikatuko balira izango luketen fidagarritasun berdinarekin berma daitezke.