GAIA-X, IDSA eta antzeko ekimenek industriako datuak eragile batzuen artean segurtasunez trukatzeko baldintzak ezartzen dituzte. Jardunaldi honetan, gai horretako adituek azalduko digute nola aplikatu behar diren egitura eta arkitektura horiek energiaren alorreko erabilera-kasu batzuetan.
- Irekiera: Eusko Jaurlaritzako eta Europako Batzordeko ordezkariek subiranotasun digitalaren eta datu-gobernantzaren testuingurua ezarriko dute.
- Saio teknikoak: energiaren esparruko datu-trukearen erronka teknologikoetara eta martxan dauden ekimenetara bideratuak.
- Energiaren alorreko datu-trukearen inguruko proiektuak eta pilotuak: OPEN DEI ekimeneko Energiaren alorreko proiektuetan parte hartzen dutenek beren jarduera aurkeztuko dute, eta energiaren sektorean datu-trukerako esparru komun bat sortzearen beharraz eta horrek dituen zailtasunez eztabaidatuko dute.
Helburuak
- Garapen horiek datozen urteetan elkarlanean egiten jarraitzeko sinergiak eta aukerak identifikatuko dira; izan ere, hala, inpaktu handiagoa izango dute emaitzek, eta baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiliko dira.
- Elkarlan horrek interakzioa, elkar ezagutzea eta jardunbide egokien eta ikasitako lezioen trukea bideratuko ditu, I+Gko proiektu-sorta batean; proiektu horiek bereziki bideratuak daude energiaren sektoreko agenteei balioa ematera, datu-truke efiziente baten bidez, eta datu horiek prozesatuz eta analizatuz.
irailaren 22ko jarduerak
Biltzarrera bertaratuko direnek, baldin eta Bilbora joateko asmoa badute, aukera izango dute bezperarako (irailaren 22rako) antolatu diren jarduera batzuetan parte hartzeko.
- Bisita GIROA VEOLIA Hubgrade-ren instalazioetara: energia kudeatzeko zentro bat da, Giroa Veoliak kudeatzen dituen instalazioen urruneko kontrola eta eragiketa denbora errealean egiteko aukera ematen duena.
- TECNALIAren mikrosarera bisita: behe-tentsioko mikrosare trifasikoa, sarean banatutako energia-baliabideak integratzeko ekipamenduak garatzeko eta haiekin saiakuntzak egiteko.
- IBERDROLAren Global Smart Grids Innovation Hub-era bisita: tokiko industriei mesede egiten eta sare adimendunen teknologiak lantzen dituzten abangoardiako proiektuei laguntzeko bikaintasun-zentroa.
Informazio gehiago
Jardunaldi hau PLATOON ekimenaren esparruan kokatzen da. OPEN DEI ekimenean parte hartu du PLATOONek, haren 3. lantaldean (Ekosistemen lotura) kolehendakari izan baita, eta horri esker bildu dira beren esperientziak gurekin partekatuko dituzten eragile horiek guztiak.
Ekitaldia presentziala izango da, baina online sartzeko aukera ere emango da.
Biltzarra ingelesez izango da.