Irailaren 25etik 27ra, BIOSPAIN 2018 azokaren bederatzigarren edizioan izango gara, Sevillan, Basque Health Cluster erakundeak gonbidatuta. Espainiako bioteknologia nazioartera zabaltzeko plataforma bihurtu da bioteknologiari buruzko azoka hori, eta biotekonologiaren sektoreko eragileei ezagutza, ideiak eta esperientziak partekatzen laguntzen die.
Bioteknologiaren alorreko Espainiako eragile guztiak biltzen dira bi urtez behingo batzar horretan: bioteknologia-enpresak, farmazia-industriak, ikerketa-institutuak, unibertsitateak, klusterrak, inbestitzaileak, zerbitzu profesionalak eta aholkularitza, teknologia medikoko enpresak, ingeniaritzak, etab.
Aurreko BIOSPAIN azokan, 2016koan, 1.750 ordezkari izan ziren —800 enpresatakoak eta 29 herrialdetakoak; bertaratutakoen % 28, Espainiatik kanpokoak ziren—, 233 erakusketari, nazioarteko 50 inbestitzaile eta 49 hitzaldi. Halaber, 3.000 bilera egin ziren, partnering gunean.
Aurtengoan, garrantzi nabarmena dute biomedikuntzaren alorrak, nekazaritzako elikagaietarako eta industriarako bioteknologiak, bioekonomiaren alorrean bereziki: alzheimerra, terapia aurreratuak, nekazaritzako elikagaiak, biobankuak, finantziazio-programak, ekonomia zirkularra, adimen artifiziala, edizio genetikoa, immunoterapia, antibiotikoekiko erresistentzia, doitasunezko medikuntza, etab.
Stand bat izango dugu BIOSPAINen, biomaterialen esparruan lortu ditugun azken aurrerapen teknologikoak erakusteko; esate baterako, alor hauetako ikerketa biomedikoko eta diagnostiko genetikoko saiakuntza klinikoak eta genetika aplikatua: sindrome onkologiko hereditarioak, gaixotasun neoplasikoen profil genetikoa, biomarkatzaile klinikoen baliozkotzea eta ezarpenaren aurretiko diagnostiko-baheketa genetikoa.
Erakutsiko ditugu, orobat, biomaterial metaliko eta polimeriko naturalekin eta sintetikoekin egindako garapenak eta probak, biogainazalen aldaketa eta karakterizazioa, eta biomaterialen integrazioa diagnostikoko gailuetan eta gailu terapeutikoetan.
Zatoz gure standera, eta ikusi bertatik bertara biomaterialen alorreko teknologiarik aurreratuena. Zure zain izango gaituzu!
Informazio gehiago: Garbiñe Atorrasagasti