CIRMET: soluzio berritzaile eta malguak, baliabideen, materialen eta energiaren efizientzia areagotzeko kontsumo eta emisio intentsiboa duten prozesuetan
HORIZON 2020 programaren barruan, CIRMET proiektuak soluzio berritzaileak eta efizienteak garatu ditu —unitate modular eta moldakorretan eta prozesatze adimenduna baliatzen duten unitateetan oinarrituak—, eta, haiei esker, malgutasuna eta efizientzia areagotuko dira baliabide-kontsumo handiko prozesuetan.
Garatu dituzten soluzio horien artean ageri dira, esaterako, hondakin edo azpiproduktu industrialetatik eratorritako balio handiko metalen balorizazioa lortzeko teknologia jasangarriak, hondar-bero industriala energia mekaniko bihurtzeko teknologiak, eta industria-ekoizpeneko prozesuak optimizatzeko plataforma bat —tresna digital moldakor, eskalagarri eta erreplikagarrien konbinazioaren bidez lortuak—.
Hiru soluzio berritzaile eta malgu
- Maiatzaren 24a: EFFIMELT sistema izango da ardatza: soluzio berritzaile bat da, hondakin eta azpiproduktu industrialetan dauden balio handiko metalak berreskuratzeko. Sistemak labe metalurgiko bat du oinarri, plasma termikoko energiaz berotzen da eta biomasatik prozesatutako karbono biogenikoa baliatzen du. Soluzio jasangarria eta moldakorra da, eta energia-erabilera intentsiboa duen prozesu industrialen edozein unitatetan balia daiteke, hondakinok berriz erabili ahal izateko.
- Maiatzaren 27a: RECUWASTE teknologiaz jardungo du, zeinak Rankine ziklo organikoa baitu oinarri (ORC, Organic Rankine Cycle). Hari esker, bero industriala aire-konpresoreak elikatzeko energia mekaniko bihurtzen da. Eta, ondorioz, murriztu egiten da elektrizitate-kontsumoa. Transmisio aldakor jarraitua (CVT, Continuous Variable Transmission) eta energia biltegiratzeko sistemak erabiltzeak are gehiago handitzen du haren malgutasuna, eta, horri esker, egokitu egin daitezke aire konprimatuaren eskaria eta hornidura.
- Ekainaren 3a: AAF4.0 plataforma (Analytics for Factories 4.0) izango da hizpide, zeina industria-produkzioko prozesuak optimizatzera baitago bideratuta tresna fisiko eta digital moldakor, eskalagarri eta erreplikagarrien multzo oso baten konbinazioaren bidez. Soluzio horretan, hornidura-kate osoari eragiten dioten 4.0 industriaren kontzeptuak hartu dira kontuan (lehengai-hornitzaileak, hondakinak eta produktuak prozesatzea), eta, hala, bizi-zikloaren etapa guztiak estaltzen ditu.
Informazio gehiago CIRMET ekimenari buruz
- 2018an diseinatu zen, HORIZON 2020 programaren barruan, eta soluzio berritzaileak eta efizienteak bilatzea zen haren helburua –unitate modular eta moldakorretan eta prozesatze adimenduna baliatzen duten unitateetan oinarrituta–, energia-intentsitate handiko prozesuetan baliabideen malgutasuna eta efizientzia lortzeko.
- Proiektuak 10 milioi eurotik gorako aurrekontua du, TECNALIA da koordinatzailea eta beste 14 parte-hartzaile ere baditu (haietatik sei estatukoak dira, eta birziklatze metalurgikoaren arloko EAEko industriarekin lotuta daude).
- Baliabide-, energia- eta material-kontsumo intentsiboa duten industrientzako soluzioetan interesaturik bazaude, ipini harremanetan gure aditu-taldearekin.