Europa mendebaldeko ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldi handienean parte hartuko dugu: Basque Circular Summit 2022, Walking the talk
Klima-aldaketa eta baliabideen eskuragarritasuna erronka handiak dira ekonomiarako, eta aukera berriak ekartzen dituzte. Erronka horri erantzuteko, Europak Green Deal edo Itun Berdearen aldeko apustua egin du. Haren helburua Europar Batasuna eraldatzea da, eredu ekonomiko jasangarri, moderno eta bidezko batez eta baliabideak efizientziaz baliatuz. Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du itun horrekin, eta bere ibilbide-orri propioa garatu du EAErako: Basque Green Deal.
Ildo horretan, ekonomia zirkularrean ari da ipintzen arreta guztia, eta hura hartzen da gure gizarterako eta planetarako ekonomia jasangarrirantz eramango duen aldaketa-motor gisa.
Basque Circular Summit konferentzia
Ihobek, SPRI Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak Basque Circular Summit 2022 “Walking the talk” konferentzia antolatu dute, zeinaren xedea baita ekonomia zirkularraren erronken gainean atentzioa ematea eta eredu horrek EAEko ekonomiari dakarzkion aukerak aztertzea.
Ekitaldiaren hirugarren eta azken jardunaldiak (“Ekoberrikuntza: herrialde-erantzunak Europako erronkei”) etorkizunerako ikuspegiak islatuko ditu, eta erakutsiko du ekoberrikuntza zirkularra sortzea eta hedatzea funtsezkoa dela Euskadin jasangarritasuna bermatzeko eta merkatu berde fidagarriak sortzeko. Horretarako, sei lerro eraldatzaile aurreikusten dira, seiak ere Euskadiren etorkizunerako potentziala dutenak —haien artean, eraikuntza industrializatu jasangarria—.
- “Erronka: eraikuntza industrializatu jasangarria” izeneko mahai-inguruan, Iñigo Vegas TECNALIAren Eraikuntzako Produktuen eta Produktu Biooinarrituen zuzendariak esku hartuko du hizlari aditu gisa.
Enpresari eta industriari zuzendutako hiru jardunaldiotan, beste helburu bat ere landuko dute: Euskadi abangoardiako herrialde gisa ikusaraztea, Europa hegoaldeko enpresa-ekonomia zirkularrean.
Circular design made in Euskadi erakusketa aktiboa
Hitzaldiaz gainera, ekodiseinatutako 250 euskal produktu zirkularren erakusketa ere izango da ekitaldian, bai eta bisita gidatuak eta tailer praktikoak ere.
Lau produktu zirkular aurkeztuko ditugu:
- SICLA aerogela: material superisolatzaile termiko bat da, dentsitate txikikoa eta SICLA teknologiaren bidez sintetizatua. Material horrek erresistentzia termiko eta arintasun handiak ditu, bai eta prestazio nabarmenak ere suaren aurrean; horrenbestez, material eraginkorra da eraikinetako isolatzaile termikoetan, isolamendu industrialean eta abarretan integratzeko. Horretaz gainera, material isolatzaile tradizionalek baino lodiera txikiagoa erabiltzea ahalbidetzen du, eta % 100 lehengai birziklatuz egina da.
- Argiztapen-sistema eramangarria: pieza plastiko bat da, zuzenean inprimatutako argiztapena duena eta txertatua dagoena mikromugikortasun-ibilgailuetarako argi eramangarria posible egiteko (patinete, scootereta abarretarako), arindua eta miniaturazko elektronikaz hornitua. Gainera, ezabatu egiten ditu kableak eta zirkuitu-plaka inprimatuak (PCB, Printed Circuit Boards), eta, ondorioz, arindu egiten du mugikortasuna.
- Konposite zirkularra: konposite-pieza bat da, errefortzu-zuntz jarraituz hornitua eta poliuretano-matrize bioinarritua (BIO-PUR) duena, karga ziklikoen eraginpean dauden osagai estrukturaletarako. Jatorri petrokimikoko materialen ordez, material biooinarrituak erabiltzen dira. Horri esker, % 80 ere murrizten da pisua —metalezko osagaien aldean—, eta bizi-zikloa, berriz, luzatu.
- Milikanal-erreaktorea, sintesi kimikoan erabiltzeko: energia eta materia gehiago transferitzen ditu, eta horrek areagotu egiten ditu prozesu kimikoaren produktibitatea eta efizientzia. Ondorioz, erreaktorea konbentzionalak baino txikiagoa da produktibitate bererako, eta, horri esker, aurreztu egiten da, bai materialetan, bai espazioan. 3D inprimaketa bidez fabrikatzen da; beraz, materialaren % 100 aprobetxatzen da eta ez da sortzen hondakinik. Eraikuntza-materiala AISI 316L altzairu herdoilgaitza da.
TECNALIA eta Green Deala
TECNALIAn enpresekin eta erakundeekin lan egiten dugu, haien lehiakortasuna modu jasangarrian handitzeko eta, hala, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Ikerketa eta berrikuntza teknologikoa oparotasun bihurtzen dugu, enpresetarako eta gizarterako aldaketa-eragile gisa jardunez.
Etengabe bilatzen dugun eragin bikoitz horren ondorioz, Green Deal-a gure DNAn daramagu, mundua leku hobea izan dadin lortzea baitugu helburu.