Aurreko lau edizio arrakastatsuen ondoren, TECNALIAk eta EUSKAMPUSek, V. Zientzia eta Teknologia Kongresua antolatzeko testigua jaso dugu.
Euskal Herriko ekoizpen zientifikoaren zein teknologia berrien erakustoki izatea da kongresuaren helburu nagusia. Aurtengo edizioan helburu berri bat gehitu dugu, EAEtik kanpo dauden ikertzaile euskaldunak erakartzea hain zuzen.Horrekin batera, bi jarduera horien bat-egitearen eta material berriekin egindako produktuen zein prozesu berritzaile eta adimentsuen sorrerarako behatoki ere izan nahi du.. Garapen horien ezarpena sustatu nahi da Euskal Herrian, nahiko garatuta ditugun ondorengo sektore eta alor industrial hauetan:
- Garraioan, automozioan, aeronautikan, tren-ekoizpenean, ontzigintzan eta metal eta makina-erremintan, besteak beste, fabrikazio aurreratuan oinarritutako estrategiari keinu eginda.
- Energia sektorean eta balio-katea osatzen duten alor guztietan: energia-sorkuntzatik hasi eta metatze eta banaketa arterainokoetan. Bereziki, zerbitzu-baldintza bortitzetan lan egin behar duten material berrien diseinuaren eta portaeraren inguruko ikerkuntza eta garapen-lanei egingo zaie tartea.
- Aipatutako sektoreetako hainbat aplikaziotan txertatu den fabrikazio gehigarria teknologian: horretarako bereziki diseinatu, fabrikatu eta eraldatu behar diren materialen inguruko ikerkuntza eta garapena ere aztergai izango ditugu topaketa honetan.
- Biozientziaren aurrerapenaren ardatz diren biomaterialetan.
Egin dezagun ikusgai Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko talde osoak egiten duen lana, eta ezagutza-emariz uki dezagun ikerkuntza eta enpresa-ehuna. Enpresa, enpresetako I+Gko sail, zentro teknologiko, ikerketa kooperatiboko zentro, bikaintasun-zentro, oinarrizko ikerketako zentro eta unibertsitatetako ikerkuntza-taldeentzat da irudimen, ahalegin eta konpromisorako gonbidapena. Ongi etorri guztiak.
Jakintza arloak
- Materialen prozesaketa eta fabrikazioa (fabrikazio gehigarria,…)
- Karakterizazio-teknikak: suntsigarriak eta ez-suntsigarriak
- Materialen propietateak: fisikoak, kimikoak, elektrikoak, mekanikoak, magnetikoak…
- Simulazioa eta modelizazioa: material eta prozesu berrien garapena
- Aplikazio eta erabilpen industrialak:
- Eraikuntza
- Garraioa
- Aeronautika
- Energia
- Nanoteknologiak
- Estaldurak
- Biomaterialak
- Fabrikazio aurreratua
- Zerbitzu-baldintza bortitzetarako materialak
- Materialak eta ingurugiroa: bizitza-zikloa, birziklapena, ekonomia zirkularra