MCPRO Data Innovation Forum 2025 foroan parte hartuko du TECNALIAk datu-analisiaren eta adimen artifizialaren etorkizunean buru direnekin batera
MCPRO Data Innovation Forum 2025 foroa MCPROk antolatzen du, eta sektoreko aditu eta liderrak bilduko ditu datu-analisiaren eta adimen artifizialaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko. TECNALIAk ere hartuko du parte.
Foro bat izateaz gain, aukera paregabea da ikusteko, gaurtik bertatik aplika daitezkeen estrategien eta kasu errealen bidez, nola ari diren datuak eta AA negozioak eraldatzen, prozesuak optimizatzen eta berrikuntza-aukera berriak sortzen. Pure Storage, Red Hat eta Veeam etxeen laguntza du, eta Diseinu, Berrikuntza eta Teknologiako Unibertsitateak (UDIT) eta Tucano Milano 1985ek babesten dute.
Eraldaketa digitaleko aitzindariak
TECNALIAk, ekitaldi horretan parte hartuta, eraldaketa digitalarekiko konpromisoa indartzen du. "Biltegiratzea eta konputazioa optimizatzea: AA jasangarrirako bidea" mahai-ingurua izango da une gailenetako bat. Han izango da gure aditu Ana Isabel Torre, Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko Teknologia Digitalen zuzendari ondokoa, eta beste espezialista batzuekin batera aztertuko du nola optimiza daitezkeen AAren azpiegiturak errendimendua hobetzeko eta energia-aztarna murrizteko. Torrerekin batera izango dira, zehazki, Ibán Bernaldo de Quirós, Pure Storage España y Portugaleko sistema-ingeniaria, eta Raúl Ibáñez, Moeveko hodei-zentroko burua.
Ekitaldian, sektoreko erronka nagusiei helduko zaie beste mahai-inguru batzuetan:
- AA eskalatzeko arkitekturak, baliabideak optimizatuz eta kode irekia berrikuntza-eragile gisa baliatuz arkitektura eskalagarri eta jasangarriak diseinatzeko estrategiei buruz.
- Datuen ziberresilientzia hodeiko inguruneetan, non azalduko baitira, hodeiko eta multihodeiko inguruneetako datuei dagokienez, zibersegurtasun- eta erresilientzia-estrategia baterako giltzarriak; mehatxuak jorratuko dita, baita negozioaren jarraitutasunerako soluzioak ere.
Bertaratzen direnek aukera hauek ere izango dituzte mahai-inguru horiez gain:
- Networkinga sektoreko liderrekin.
- Ikaskuntza erreferentziazko adituen eskutik.
- Kasu errealak eta negozioei aplika dakizkiekeen estrategia berritzaileak.
- Ezagutza, datuen eta AAren etorkizuneko erronkei eta aukerei aurrea hartzeko.
MCPRO Data Innovation Forum 2025 foroa ezinbestekoa da sektoreko joerak ezagutzeko eta, lehiarako abantaila lortze aldera, joera horiek estrategikoki nola ezarri ikasteko.