Blog

5G, belaunaldi berriraren aukerak eta erronkak

2019ko maiatzaren 30a
Edukien taula0

Bostgarren belaunaldiko telekomunikazio mugikor teknologia badator, eta berarekin hainbat berrikuntza eta aukera.

Berrikuntzak nabariak dira sei atal desberdinetan, eta orain arte ezinezkoak ziren hainbat erabilpen laster bideragarriak izango dira. Aukera berriak nabariak dira bai, baina negozio eta estrategia erronkak gaur eguneko agenda politikoak astintzen dituzte.

Zeintzuk dira ba belaunaldi honen berrikuntza nagusiak? Labur batetan:

Sare abiadura: Espero zen bezala abiadura handitu egiten da aurrekoekin alderatuta. Banda zabalari dagokionez, ez dago iraultzarik, eboluzio bat dago. 3Gko 384 Kbps-etik 4Gko 100Mbps-tara pasatu gara, eta 5Gk, berriz, 10Gbps-tara garamatza. Horrek 5G zuntz optikoaren magnitude maila berean kokatzen du. Abiadura horiek berriak ez diren teknologia gehiago garatuz lortzen dira: CA (Carrier aggregation), MIMO-OFDM  teknikak (dagoeneko erabiliak antenatxoz jositako aparailuetan) eta konstelazio konplexuak, 256 QAM (Zabaltasunaren modulazio kuadratikoa) eta baita ere 1024 QAM.

Hala ere, bi kontu nabarmendu behar dira abiaduraren inguruan:

  • Banda zabaleko abiadura hau erabiltzen den frekuentzia-bandaren araberakoa da. Ziurrenik lehengo 5G sareak 700MHz-ko eta 3,6GHz-ko bandetan zabalduko dira, eta 10Gbps lortzea erronka ederra izango da. Hurrengo urtetan 26 GHz-ko banda erabiliz 10Gbps-eko abiadurak ikusteko gai izango gara. Beraz abiadura handitzea progresiboa izango da.
  • Bigarrena, eta IoT-rentzat 5G eskaintzen duen interesari erreparatuz, belaunaldi berriaren abantaila nagusienetako bat abiadura txikiko transmisioak kudeatzeko aldaketan egongo da. Era berean gaitasun hori LTE-M eta Narrowband IoT estandarretan zehazten da, 5G paketean parte hartuko baitute.

Teknika guzti hauek ez dira ez berriak, eta berez azkeneko urtetan nahiko hitz egin da “4,5G” terminoaz, aldaketa ebolutiboak bait dira.

Erantzun abiadura: Estimulu baten eta sortzen duen erantzunaren artean gertatzen den denbora izendatzeko ingelesez “latency” hitza erabiltzen da. Berez erantzun abiaduraz hitz egiten ari gara, edo hobeto esanda estimulua eta erantzunaren artean ematen den denboraz. Kontuz! Sare abiadura eta erantzun abiadura desberdinak dira. Estimulu-erantzun denbora hau funtsezkoa da gaurko sistema automatizatuetan: Kotxe bat gidatzen dugunean galga zapaldu eta ibilgailua momentuan gelditu behar da. Gure telefono adimenduko ikono bat jotzean momentuan erantzuna jasotzen dugu.

Fabrikazio prozesuetan denbora erreala halabeharrezkoa da. Bai, gure “4.0” mundu berriak estimulu-erantzun denbora txikiak behar ditu. Zer da ba 5G belaunaldiak dakarrena? Estimulu-erantzun denbora txikiak, benetan txikiak. Batzuen arabera “tactile internet garaia dator aldaketa honekin. Zenbat aldatzen da? Gutxi gora behera, eta sareko estimulutik erantzunera batezbesteko denborak neurtuz:

  • 3G – 200 milisegundu.
  • 4G – 100 milisegundu
  • 5G – milisegundu bat!

Orain bai, orain estaldura daukagun edozein tokitan berehalako erantzuna jasoko dugu. IoT eta denbora errealean datu konektibitatea behar duten gailuen munduan giltza da hau: Ibilgailu autonomoak,  automatizazioan, teleoperazioa, hiri adimenduak, e.a.

Dentsitatea: IoT hedatze masiborako oso interesgarria den beste ezaugarrietako bat objektuak konektatzeko gaitasuna da, aurreko belaunaldiek baino askoz ere gehiago dentsitatea handituz. Erronka ederra da, milioi bat gailu kilometro karratu bakar batetan konektatzea, izugarrizko dentsitatezko sareak lortuz. Horrek datorren hamarkadan Internetera konektatutako milaka milioi dispositibok aurreikusitako zifrak lortzeko aukera emango du. Besteak beste, dentsitate horiek aurretik aipatutako MIMO teknikak eta 5G sareen gaitasun berrien bidez lortuko dira.

Energia: Gaur eguneko sakeleko konputagailuak (telefonoa deitzen genuena) bateriak agortzeko makinak dira. Eragina edukiko al du 5G gure efizientzia energetikoan ? Teorikoki asko, baina errealitatean tamalez gutxi, sakeleko konputagailuak gero eta energia eskaera handiagoak bait dituzte. 5G izan edo 4G izan, “app” mundua bateriak agortzeko jaio da. Berri txarrak, berri onak: 5G estandarra aurreko belaunaldiekin aldenduta benetan efizientea da, eta horrek hobekuntzak ekarriko ditu, bereziko IoT eta gailu desberdinen beharrezko autonomian.

Nondik dator efizientzia hori? Energia eskaera desberdinak modu desberdinetan kudeatuz. Ideia sinplea da, baina orain arte ezin izan da gauzatu. Abiaduraren moduan, aparailu batzuk asko behar dutenez asko jasoko dute, eta beste batzuk astiro mugitu ahal izango dira. Era berean energia kontsumoak sareko irrati protokoloa erabiltzen duten arabera izango da. Sakeleko konputagailuak (ainbat core eta ainbat memoria gure mezuak eta bideoak mugitzeko) betiko legez energia gustura irentsiko dute, baina bestelako gailuak autonomia luzatzeko gaitasun ederra edukiko dute.

Azpiegituren flexibilitatea: 5G teknologien aldaketak telekomunikazio azpiegituretara zabaltzen dira. SDN (software bidez zehaztutako sareak), NFV (sareko funtzio birtualizazioa), Edge eta Fog computing (ertzean edo ertzetik gertu egiten den prozesamendua)…   Informazio eta komunikazio teknologien mundua iraultza sakonean dago aspalditik hodeiaren kontzeptua zabaldu zenetik, eta orain kontzeptu hori eta telekomunikazio sare berrien ezkontzaren aurrean gaude.  Batzuen arabera aldaketa sakonena hemendik dator, nahiz eta erabiltzaile arruntak azpiegituretaz gutxi arduratu behar den.

Zibersegurtasuna eta sarearen erresilientzia: Zibersegurtasunaren gaia zentralitatea lortu du 5G diseinutan. Belaunaldi berri honek sekulako pisua eta garrantzia eman dio diseinutik zibersegurtasuna bermatzen dituzten arkitektura eta teknologiei. Hemen azpiegituren flexibilitatea oinarrizkoa da sareak zerbitzuak edozein gertaeretan eskaini ahal izateko. Erresilientzia hori behar beharrezkoa da 5G erabilera kasuak bermatzeko. Hala ere edozein sare, arkitektura eta sistema multzo moduan zibersegurtasuna eta erresilientzia ziurtatzeko beharrak agerikoak dira.

Ondo, berrikuntzak eta aukerak nabariak dira, eta oraingoan IoT erabilpen masiboak bideragarriak izateko bidean daude. Sareak balio erantsiko zerbitzu berriak ahalbidetzeko gaitasunak eskainiko dituzte, eta telekomunikazio hornitzaileak azpiegitura eta arkitektura berriak profitatuz negozio berriak sortzeko aukera izango dute.

Etorkizun oparoa sektore teknologikoarentzat?

Baietz dirudi, baina oparotasun hori oso modu desberdinetan banantzeko arriskua dago, eta hemen tentsio geo-estrategikoak agerikoak dira. Estatu Batuak internet inguruko negozioa kontrolpean dauka, Txinan izan ezik. Txinak beste planeta baten antza dauka, eta herrialde horretako internet zerbitzu gehienak Estatu Batuen kontrolpetik kanpo daude. Bestalde Txinak politika teknologiko-industrial zorrotz bat jarraitu du, beste askoren artean 5G teknologiak menderatzeko.

Hori mehatxua da Estatu Batuentzat, eta bere teknologien menpe bizi garenok (menpetasun batetan bizi bait gara) bi lehiakide horien astinduen ondorio kolateralak jasotzeko arriskua daukagu. Boikotak eta teknologia garatzeko oztopoak gaiztotzeko bidean daude, orain arte alde batetan zeuden aktore ezagun batzuk alde batetan edo bestean jarri ondoren.

Amaitzeko ekarpen pertsonal bat. Mende hasieran hilabete gutxi batzuk pasa nituen Japonian 3G teknologiekin zer ikusia zeukan proiektu bat garatzen. Garai horretan Japonia zen zalantza barik aurreraturena, eta Europaren indarra nabaria zen. Proiektuko zenbait kide estatubatuarrak ziren, eta lotsa adierazten zuten euren herrialdeko telekomunikazio garapenean ikusten zuten atzerapenagatik. Txina garai horretan desagertuta zegoen, esan beharrik ez.

Garai horretan Huawei ez zen gaur eguneko enpresa erraldoia eta Motorolak dena prest zeukan enpresa txinatarra erosteko (10.000 miloi dolareko prezioan). Hamabost bat urte igaro ondoren Estatu Batuak eta Txina elkar joka dabiltza 5G negozioan lidergoa erakusteko. Garai bateko Motorola desagertu da, eta Motorola Mobility 2014tik Lenovo enpresako parte bat baino ez da (txinatarra bera).

Mundu hau oso arin aldatzen da. Gaur egunean lidergoa galduta daukagula dirudi, baina horrela izan behar da? Hasi gaitezen 5G teknologia berriak industrian, mugikortasunean, hirigintzan, osasunean eta ainbat merkatu berritzailetan erakusten dituen abantailak baliatzen, zalantza barik.

Lidergoak berreskuratzeko Europak duen aukera ikerkuntza aplikatuan eta etengabeko berrikuntzan dago. Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik, erronka polita!

Joseba Laka Mugartza

AUTOREARI BURUZ

Joseba Laka Mugartza

Desde que descubre el software sobre un ZX Spectrum allá por 1983 hasta hoy es un apasionado de las tecnologías y de las personas con interés por las tecnologías.

Irakurri gehiago +

Autorea:Joseba Laka Mugartza
Gure komunikazioetara harpidetu
EMAGUZU ZURE IRITZIA
0 iruzkin
EMAGUZU ZURE IRITZIA
*nahitaezko eremuak