TECNALIAk Biocircular Summit foroan parte hartuko du. Espainian biozirkulartasunaren azpisektoreak lantzen dituen lehen foroa da.
TECNALIAk I. Biocircular Summit foroan parte hartuko du. Foro hau lehenengoa da Espainian biozirkulartasunaren azpisektoreak beren osotasunean lantzen: bioenergia, bioerregaiak eta eFuelak, gas berriztagarriak, bioproduktuak eta biofindegiak. BIOCIRCen eta BIOPLATen eskutik dator topaketa.
Biltzarraren erakusketa-eremuan egongo gara, networkingerako eta entitate eta enpresek beren emaitzak, proiektuak, lana eta biozirkulartasunari lotutako soluzioak erakusteko eremua baita. Han, berrikuntzarako eremu bat ere egongo da, Biocircular Innovation, aurrerapen zientifiko-tekniko eta industrial berrienak ikusarazteko eta gure lurraldeetan sektorearen lehiakortasuna eta industrializazioa bultzatuko duten soluzio berritzaileak sustatzeko eremua.
Ekitaldi horretan, adituak, zuzendariak, teknikariak eta administrazio publikoetako ordezkariak elkartuko dira biozirkulartasunaren balio-kate osoa aztertzeko: biomasa-lehengaiez hornitzea, jasangarritasunarekin bat etortzea, negozio-ereduak, teknologiako edo prozesuetako azken berrikuntzak… Sektorea ulertzeko erregulazio-, politika-, estrategia- eta enpresa-gakoak emango dira biozirkulartasuna ardatz nagusitzat hartuta, sektorea funtsezkoa baita ekonomiaren desfosilizazioa, berrindustrializazioa, lurraldearen egituraketa, independentzia energetikoa eta erronka demografikoari heltzea lortzeko.
Bioekonomia bultzatzen ari gara
TECNALIA bioekonomia eta CO2ren balorizazioa bultzatzen ari da soluzio berritzaileen bidez. Bioerregai aurreratuak garatzen ditugu (hala nola biometanoa, SAFa eta metanola), prozesuak areagotzearen bidez CO2a eta biomasa-hondakinak eraldatuz.
Horretaz gain, lanean dihardugu baliabide lignozelulosikoetatik eratorritako biokonpositeak, estaldura biojasangarriak, zuntz lignozelulosiko aurreratuak (mikrozuntzak, nanozuntzak eta zelulosazko isolatzaileak) eta bioatzeratzaileak garatzen hainbat aplikaziotarako (eraikuntza, ontziak, altzariak, papera eta industria kimikoa).
Halaber, ura arazten eta hondakin likidoak tratatzen eta balorizatzen ere espezializatuta gaude, eta, hala, etorkizun jasangarri eta zirkularra sortzen laguntzen dugu aktiboki.