Sare elektrikoak. Digitalizazioa eta energia biltegiratzea - Erronka teknologikoak eta negozio-aukerak
Energia-sistemaren elementu egituratzailea dira sare elektrikoak, eta, neurri handi batean, haiei dagokie (banaketa-sareei batez ere) sare-eredu adimentsuago batera aurrera egiteko erronka; horrek agerian uzten du nolako garrantzia duen aztertzea zer negozio-aukera eta zer perspektiba dituen arlo horretan ekipo-ondasun elektrikoen industriak.
Ekipo Elektrikoen Nazioarteko Jardunaldiek, XV. ekitaldi honetan, “Sare elektrikoak. Digitalizazioa eta energia biltegiratzea. Erronka teknologikoak eta negozio-aukerak” dute izenburu. Hainbat herrialdetako eta esparrutako aditu eta ikertzaileentzako topagunea izatea dute helburu, ideiak truka ditzaten eta eztabaidatu dezaten elektrizitatearen sektoreko aurrerapenez eta teknikaren egoeraz; arreta berezia jarri nahi da etorkizuneko sare adimentsuetarako aurrerapenetan, eta horien arautzea eta negozio-ereduak aztertuko dira.
Halaber, nazioarteko eta Europako alderdi estrategikoak eta teknologia landuko dira JIEEC-2017 jardunaldietan, eta aztertuko da zer ondorio ekarriko dizkien energia biltegiratzeak sare elektrikoei, bai eta eraldaketa digitala eta horrek sare elektrikoei eta ekipo-ondasunen industriari ekarriko dizkien ondorio teknologikoak ere. Orobat, eztabaidatuko da zer ondorio ekarriko dizkioten teknologiak eta digitalizazioak energia banatzeko negozioari, eta aztertuko dira kontsumitzaileei eta teknologia berriei (“behind the meter”) buruzko hainbat alderdi eta gai.
Jardunaldietan, elektrizitatearen sektoreko eta industriako maila handiko hizlariak izango ditugu, eta topagune bat eskainiko dugu sare elektrikoen arloko enpresetako eta teknologia-zentroetako profesionalak elkartzeko. Horrez gain, egungo teknologiak eta esperientziak nabarmendu eta kontrastatu nahi ditugu, eta lanbide-harremanak aberastu.