TECNALIAk elikagaien sektorerako egin dituen azken garapenak aurkeztuko ditu nazioartean erreferentzia den azoka honetan.
2018ko maiatzaren 8tik 11ra, TECNALIA Bartzelonan izango da, FOODTECH azokan (Bartzelonako Fira - 5. pabiloia, 0 maila - G738 standa), zeina, aurten ere, nazioarteko negoziogunea izango baita elikagaien, edarien eta gastronomiaren industriako profesional guztientzat. Ezinbesteko hitzordua da sektoreko berrikuntzen, azken joeren eta nazioartekotzearen berri izateko.
TECNALIAk zintzo betetzen du elikagaien sektorearekiko duen konpromisoa, eta, osagai eta elikagai osasuntsuak garatuz, enpresen negozioa handitzen eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten soluzioak garatzen jarraitzeko asmoa du.
Aukera-egoera berri bat aurkeztuko dugu: osagai naturalen alorrean, elikagaien kalitatea eta nutrizio-balioa areagotzeko aktibo berritzaileak eta garapen teknologikoak balia daitezke, eta, hala, haien balio-bizitza luzatu, nahi ez diren konposatuen presentzia txikitu eta nutrienteen bioeskuragarritasuna, digerigarritasuna eta testura hobetu. Adibide gisa, ahalmen antioxidatzailea eta funtzionala duten koloratzaileak, proteinak, polifenolak, karotenoideak, etab. aurkeztuko ditugu.
Laburbilduz, berrikuntzen eta joeren erakusleiho bat da azoka, eta elikagaigintzaren sektorearen oraingo eta etorkizuneko erronkak eta gakoak erakutsiko dira han.