Osasunean berritzeko ekosistemak sustatzen ditugu
Feninek —Osasun Teknologiako Berrikuntza Plataformaren bidez— “Osasuneko Berrikuntzako Matchmaking-a: Smart Medical Devices and Robotics” foroaren beste edizio bat antolatu du Barakaldoko (Bizkaia) BIC Bizkaia Ezkerraldean; urriaren 18an eta 19an izango da.
TECNALIA, Basque Health Cluster eta Ikerketa Kirurgikoen Espainiako Elkartearen (SEIQ) lankidetza izango du topaketa honek.
Programatutako bi jardunaldietan, “Smart Medical Device & Robotics” soluzio berriak garatzera bideratutako berrikuntza irekiko ekosistemak sustatuko dira, non hainbat eragilek hartzen baitute parte —erakunde publikoak, startupak, I+G+Bko taldeak, industria eta zentro teknologiko eta klinikoak—, sinergiak sustatzeko, balio handiko enpresa-sare bat lortzeko, talentua sortu eta atxikitzeko, eta Euskadi erreferentzia-polo teknologiko gisa finkatzeko Estatuan.
Topaketa horretan, programatutako hitzaldiekin batera, kirurgiaren arloko zenbait profesional klinikok osasun-sistemaren erronkak eta beharrak azalduko dituzte, eta, era berean, industriaren eta ikerketa kliniko eta teknologikoetako zentroak haiei erantzuten saiatuko dira, lankidetza publikoko eta pribatuko proiektu misto bihurtzea helburutzat hartuta.
Halaber, espazio bat sortuko da harreman-sareak lantzeko eta banakako bilerak egiteko, Feninekin elkartutako Estatu osoko enpresa eta startupen eta haien proiektuen finantzatzaile izan daitezkeenen artean.
Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta José Luis Quintas Osasuneko sailburuordeak hartuko dute parte ekitaldian.
Programa osoa esteka honetan kontsultatu daiteke.
Egun bakoitzerako banakako izen-ematea
Topaketa jende guztiari dago irekita (toki-kopuru mugatua du, eta izen-emate ordenari jarraituko zaio), eta egun bakoitzerako izen-ematea banaka egin beharko da. Urriaren 18ko jardunaldian parte hartu nahi baduzu, esteka honen bidez eman dezakezu izena.
Halaber, urriaren 19ko jardunaldian ere (edo horretan bakarrik) parte hartu nahi baduzu, esteka honen bidez eman behar duzu izena.
Antolatzaileez gainera, “Osasuneko Berrikuntzako Matchmaking-a: Smart Medical Devices and Robotics” foroan honako erakunde hauek ere parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritza; Spri Taldea; BIC Bizkaia; Basque Research & Technology (BRTA) plataforma; Carlos III.a Osasun Institutuko SEDIITEMAS plataforma; Espainiako Ingeniaritza Biomedikoaren Elkartea (SEIB); eta Espainiako Osasun Zuzendarien Elkartea (Sedisa).
TECNALIAren osasun- eta elikadura-arloko berrikuntza-lanari buruz gehiago jakin dezakezu.