QUANTUMatter 2024n parte hartuko dugu
Quantum Matter International Conferenceren laugarren edizioaren —QUANTUMatter 2024— helburua da informazio kuantikoaren eta materia kuantikoaren zientzian eta teknologietan parte hartzen duten komunitateak biltzea. TECNALIA da babeslea.
- QUANTUMatter 2024n, arlo hauetako ideia eta lankidetza berrien inkubazioa sustatuko da: teknologia kuantikoen abangoardia, sortzen ari diren material kuantikoak eta komunikazio kuantikoko, detekzio kuantikoko eta simulazio kuantikoko protokoloen belaunaldi berriak.
- Topological Matter Conference (TMC2024) ere QUANTUMatter2024n arituko da, eta zenbait tutorial, tailer espezifiko eta hizlari aurkeztuko ditu, gai hauei buruzkoak: isolatzaile topologikoak, Weyl-en erdimetalak, fononika eta fotonika topologikoak, skyrmioiak, metrologia kuantikoa eta abar.
- Materia kuantikoak barne hartzen ditu gaur egungo teknologia kuantikoetan nahiz Qubitetan oinarritutako arkitekturen diseinuan erabiltzen diren materialak, baita material kuantiko topologikoen familia zabala ere, zeinean simetriak, topologia eta korapilatze kuantikoa oso lotuta baitaude eta fenomeno ikusgarriak eragiten baitituzte, hala nola supereroankortasun exotikoa, spin-likido kuantikoak, Hall efektu anomalo kuantikoa eta eszitazio fermioniko ez-nabariak —adibidez, Majoranaren fermioiak eta gorputz askoren egoera exotikoagoak—. Q-information eta Q-Matteren arteko konbergentziak eta sinergiak sorreraz geroztikakoak dira, eta datorren hamarkadan loratzen jarraituko dute.
QUANTUMatter 2024ko hizlariak
Konferentziak mundu osoko hainbat erakundetako hizlari ospetsuak izango ditu. Hauek dira iragarri diren hizlarietako batzuk: Ignacio Cirac, Alemaniako Optika Kuantikoko Max Planck Institutukoa; Claudia Felser, Alemaniako Max-Planck Sozietatekoa; Olivier Boulle, Frantziako CEAkoa; eta Jairo Sinova, Alemaniako Johannes Gutenberg Mainz Unibertsitatekoa.
Gainera, maiatzaren 8an eta 9an, 2024ko Industria Foroa egingo da. Bertan, garapen teknologikoko aurrerapenik berrienak eta konputazio kuantikoaren komertzializazioan dauden aukera komertzialak aurkeztuko dira.
Honako hauek dira QUANTUMatter 2024 proiektuan landuko diren funtsezko gaiak:
- Komunikazio kuantikoko eta Internet kuantikoaren hazkundeko protokolo aurreratuak.
- Material kuantikoen ezaugarritzea eta hazkundea.
- Materiaren egoera exotikoen simulazio kuantikoa.
- Ikaskuntza automatikoa (ML) eta adimen artifizial (AA) kuantikoko aplikazioak.
- Sentsore kuantikoak eta haien aplikazioak.