Ikus-entzunezkoen sektorea etengabeko aldaketan ari da, teknologia berrien bultzadagatik, besteak beste; tresna horiek beste arlo batzuetan probatu dira dagoeneko, hala nola bideojokoen industrian edo medikuntzan.
Zinemaren munduan erabiltzen ari dira jada bloke-kateak, errealitate birtuala eta mistoa, neuroteknologia eta hizkuntzaren teknologiak, eta narratiba ezberdin bat ez ezik negozio-aukera berriak ere ari dira sortzen ikus-entzunezko industrian.
Aurrerapen teknologiko berriak, haien aplikazio posibleak eta sorkuntzan zein negozioan agertzen diren aukerak bertatik bertara ezagutzeko, Donostiako Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak eta Petronorrek ekitaldi berri bat abiarazi zuten 2018an, zinemaren eta berrikuntzaren mundua IKTetara hurbiltzeko xedearekin.
- Bigarren edizioan, Zinemaldia & Technology Donostiako Zinemaldiaren apustu estrategiko bihurtu zen; haren helburua da teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak estutzeko erreferentzia-gune gisa posizionatzea. Xede horrekin sortu zen Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa. Ekimen publiko-pribatu bat da, ikus-entzunezko sektoreari aplikatutako teknologia berritzailearen alorrean Europako enpresa-proiektu berriak sortzea sustatzeko.
- Aurreko edizioan, COVID-19a zela eta, Zinemaldia & Technology modu erabat telematikoan egin zen. Online jardunaldian, Zinemaldia Startup Challengen hautatutako bost proiektuak aurkeztu ziren, eta, amaitzeko, Deluxeko soinu-zuzendari sortzaile eta hainbestetan saritutako Marc Orts-ek “Sonido audiovisual: del origen hasta el Full Immersive” masterclassa eman zuen.
Laugarren edizio honetan, jardunaldia streaming bidez emango da irekian. Ez dago aldez aurretik izena eman beharrik; "Zinemaldia & Technology 2021” ekitaldiaren estekari jarraitu besterik ez dago.