Prentsa-oharra

FERSAk eta TECNALIAk bat egin dute 5.0 Industria ezartzeko

2023ko abenduaren 21a
https://www.tecnalia.com/sala-de-prensa/fersa-tecnalia-se-alian-implantar-industria-5-0-plantas-europeas

FERSAk eta TECNALIAk bat egin dute Europan dituzten instalazioetan 5.0 Industria ezartzeko

Europan errodamenduak egiten dituen FERSA enpresa eta TECNALIA Espainiako zentro teknologiko handiena lankidetzan arituko dira beren instalazioen automatizazioan eta digitalizazioan. Horretarako, robotika malgua eta adimen artifiziala erabiliko dituzte, eta material aurreratuetarako soluzioak garatuko dituzte

2023ko abenduaren 13a. Europako FERSA errodamendu-fabrikatzaileak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beren gaitasun teknologikoak eta berrikuntzari buruzko ezagutzak bateratuko dituzte 5.0 Industriaren testuinguruan fabrikazio-prozesu berriak bultzatzeko. Helburua da FERSAren Europako instalazioetara garapen aitzindariak eramatea automatizazioaren eta robotika malguaren, material aurreratuen eta digitalizazioaren esparruei dagokienez.

Horretarako, David Sánchez TECNALIAko Industria eta Mugikortasuneko zuzendariak eta Hugo Santos FERSAko Negozio Garapeneko zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute.

  • Alde batetik, automatizazioa eta robotika malgua landuko dituzte ekoizpen-lantegietan, fabrikazio malguaren kontzeptuan eta biltegi adimendunean aurrera egiteko. Zehazki, robotika mugikorreko soluzioak garatuko dituzte FERSAk Zaragozan eta Austrian dituen lantegietako karga- eta deskarga-lanetan, eta prozesuen automatizazioa bultzatuko dute; horretarako, robot kolaboratiboak jarriko dituzte zuzentze-lerroetan, eta logistika optimizatuko dute, fabrikazio-lerroetarako hornikuntza-sistema autonomo berrien bidez.
  • Halaber, material aurreratuekin eta fabrikazio-prozesu berriekin lan egingo dute. Horri esker, garapenak ekarriko dituzte FERSAren prozesuei lotutako material metaliko eta zeramikoei dagokienez, zeinak erabiltzen baitira automobilgintzaren sektorean eta sektore eolikoan eta fabrikazio-prozesu aurreratuetan.
  • 5.0 Industriaren alorreko garapenak ere landuko dituzte elkarrekin, FERSAn adimen artifiziala ezartzeko, erabaki estrategikoak hartzeari begira. Horretarako, teknologia hauek landuko dituzte: operazioen planifikazioa eta optimizazioa (hardwarea eta softwarea), instalazioko tresna digitalen bilakaera, FERSAko instalazioetan kalitate-kontrola egiteko ikusmen-sistemak eta automatizazioak eta makinetatik informazioa erauztearen garapena, operazioen biki digitalak garatzeko eta akatsak aurreikusten laguntzeko.

Hugo Santos FERSAko Negozio Garapeneko zuzendariak adierazi duenez, “hitzarmen hau sinatuta, Europako zentro teknologiko handietako baten laguntza jasoko du FERSAk bere produktu eta prozesuen garapenean, merkatuan duen lehiakortasuna areagotzeko”. Azaldu duenez, “urte askotako harreman bat formalizatu" dute orain. "Urteak eman ditugu estatuko eta Europako proiektuetan elkarrekin lanean, denbora horretan emaitza nabarmenak lortu ditugu, eta zenbait aintzatespen ere bai (besteak beste, industria-instalazioetan aplikatutako AAko garapen onenaren saria AF2022 azokan)”. Halaber, Santosek hau esan du lankidetzaz: “Ikerketaren eta garapenaren aldeko apustu bat da FERSArentzat, azken urteotan egindakoari jarraipena ematen diona, ahalegin garrantzitsua egin baita testuinguru horretan Zaragozan FersaLab garapen-zentroa inauguratzeko”.

Bestalde, David Sánchez TECNALIAko Industria eta Mugikortasun zuzendariak adierazi duenez, “guretzat, urteetan zehar berrikuntzaren alorrean FERSArekin zenbait proiektutan egindako lankidetzaren amaiera arrakastatsua da akordio hau, baita aliantza estrategiko sendoago baten hasiera ere”.

Hau ere azaldu du: “akordio honi esker, eta lankidetza estuago baten bidez, FERSArekin batera definitutako erronka estrategikoetara bideratuko ditu TECNALIAk bere gaitasunak ahalik eta aurrerapen handienarekin, eta garrantzi teknologiko handieneko erronketan inbertituko dute batera. Batera lan egiteko modu horri esker, inbertsioa hobeto bideratuko da, eta mesede egingo die erabakiak hartzeko prozesuari eta erantzuteko abiadurari; hala, arrisku teknologikoa gehiago murriztuko da, eta inbertitutako euro bakoitzeko itzulkin handiagoa izango du FERSAk. Aldi berean, bere garapenen inpaktu ekonomiko eta soziala maximizatzeko helburua beteko du TECNALIAk, eta teknologiaren bitartez abantaila are lehiakorragoak garatzen lagunduko dio FERSAri”.

FERSAri buruz

Egoitza Zaragozan duen Espainiako multinazional bat da FERSA, eta errodamenduak, mugikortasun-soluzioak eta osagai elektromekanikoak fabrikatzen eta diseinatzen ditu. Nazioarteko industria-sektoreko marka garrantzitsuekin batera (adibidez, Mercedes, Volvo eta SCANIA) eta ordezko piezen merkatuan lan egin du FERSAk, eta automobilgintzarako, industriarako eta energia berriztagarrien sektorerako aplikazioetan espezializatu da. Bost kontinenteetan zeharreko sare globala sortu du enpresak, eta 100 herrialdetan baino gehiagotan asebetetzen ditu bere bezeroen premiak. Gaur egun, FERSAk 850 langile ditu munduan zehar kokatzen diren bere 6 ekoizpen-zentroetan, 19 banaketa-zentroetan eta I+Gko 4 zentroetan banatuta.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean.  Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.