Prentsa-oharra

Konputazio kuantikoa enpresetan: QCENTROID eta TECNALIA

2023ko abenduaren 21a
Computación cuántica en las empresas: QCENTROID y TECNALIA

QCENTROIDek (konputazio kuantikorako operazioen lehenengo plataforma) eta TECNALIAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute erakundeei konputazio kuantikoko soluzio errealak banatzea eta txertatzea errazteko.

Konputazio kuantikoa paradigma berri bat da, optimizazioaren, informazioa prozesatzearen eta makina-ikaskuntzaren eremuan sortzen ari dena. Mekanika kuantikoaren fenomenoak baliatzen ditu ohiko konputazioak heldu ezin dien edo harentzat konplexuegi diren arazoak ebazteko. Haren garapena beste bultzada bat ematen ari zaie adimen artifizialeko diziplinei, mundua elkarlotuago, berehalakoago eta konplexuago bihurtu ahala teknologia konbentzionalek gero eta muga gehiago dituzten zenbait arlotan. Hura kontrolatzea funtsezkoa da adimen artifizialean gailentzeko.

Konputazio kuantikoa aurrekaririk gabeko abiadan doa aurrera, eta etengabe sortzen ari dira garapen berriak hardwarean, algoritmoetan zein soluzioetan. “Abantaila kuantikoa” bilatzeak bultzatzen ditu diziplina honetako ikerketa eta garapena. “Abantaila kuantikoa” terminoak hau adierazten du: arazo jakin batzuk ebazteko konputazio klasikoaren aldean konputazio kuantikoak ematen duen hobekuntza edo abantaila. Era askotakoa izan daiteke: kalkulu-abiadura handiagoa, sistema klasikoek arrazoizko epe batean heldu ezin dieten problemak ebazteko gaitasuna, baliabide edo energia efizientzia handiagoz erabiltzea…

Kontzeptu hori funtsezko du konputazio kuantikoaren eremuak, haren ondorioz tresna gako baita lehiakortasuna gizarte-erantzukizuna eta ingurumenarekiko errespetua uztartuko dituen eraldaketa digital bat lortzeko.

Erakundeen negozio-prozesuak

Garabidean badago ere, eta gailuak oraindik mugatuak eta akastunak badira ere, hasiak dira hedatzen erakundeen negozio-prozesuetan benetako aplikazioa duten zenbait soluzio. TECNALIAko teknologia kuantikoen arduradun Esther Villarrek esan duenez, “teknologia horren erabilgarritasun-fasean sartzen ari gara, hau da, abantaila kuantikoaren atarian”. Izatez gaitzaile eta eraldatzailea denez, eta negozioaren hainbat esparrutan eragiteko ahalmena duenez, arretagune garrantzitsua da erakundeetako berrikuntza-arduradunentzat, lehiakortasun-abantaila diferentzialak sortzeko modu berriak bultzatzeko duten eginkizunean”.

QCENTROIDeko CEO Carlos Kuchkovskyk, berriz, adierazi du “gaitasun-sorta indartsua eskaintzen dugu: arriskua minimizatzen dute, eta bermatzen dute teknologia horiek zentzuz eta trabarik gabe txertatzen direla egungo prozesuetan. Gure lehentasuna da negoziorako garrantzitsuak diren adierazleek neurtzeko moduko abantaila lortzea konputazio kuantikoaren bidez”.

Hitzarmenarekin, bat egiten dute TECNALIAko taldearen esperientziak eta ezagutza sakonak eta konputazio kuantikoko soluzioak erabat fidagarriak izan daitezen bideratutako zerbitzuak garatzeko eta emateko QCENTROIDen aktibo-sortak. TECNALIAko teknologia kuantikoen arduradunaren iritziz, gakoa da “arreta handiena eskaintzea teknologia diseinatzeko fasetik bertatik, produkzio-fasean hasita enpresaren azpiegituretan ezin hobeki integra dadin eta albait kudeaketa txikiena eta erabateko sendotasuna izan ditzan”.

QCENTROIDeko Quantum Innovation Leader Antonio Perisek adierazi duenez, “CIOak eta arduradun teknikoak dira, azken batean, soluzio horien ‘product owner’ak ". Tresna horiek erakundearen jardunean modu erabat fidagarrian integratzeko behar den makineria sortu dugu”.

QCENTROIDi buruz

QCentroiden xedea da teknologia kuantiko iraultzailea eraldaketa jasangarrirako har dadin bizkortzea, erakundeek teknologia hori ekoizpenean erabiltzea zailtzen duten oztopoak kenduz. QCentroidek bidea ematen die erakundeei bizitza errealeko beren jardunean azken belaunaldiko soluzio kuantiko eta digitalak azkarrago eta kostuaren zati batean eraikitzeko eta integratzeko, etorkizuneko tresna konputazional aurreratuenak benetan eskuragarriak izan daitezen, gaur eta egunero.

Quantum Ops gure prozesuari esker (patentatze-prozesuan dago), QCentroid plataformak magnitude-ordena batean bizkortzen du soluzioak garatzea eta hedatzea; horrela, integrazio-baldintza zorrotzenak betetzen ditu, eta enpresa-operazioen jarraitutasuna mantentzen du.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena.

Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.