Berria

Adimen artifizialak itsas zabaleko energia berriztagarrien proiektuen kostuak murriztuko ditu

2020ko ekainaren 26a

Iberdrola Fundazioak laguntza bat eman dio Vincenzo Navari, itsasoko egitura eolikoen kostu operatiboak nola murriztu ikertu dezan

Energia eta Ingurumenaren Arloan Ikertzeko Laguntzetako bat eman dio Fundazioak Vincenzo Nava BCAM eta TECNALIAko ikertzaileari. Guztira 20 proiektu hautatu ditu fundazioak 2020ko deialdian, tartean Vincenzo Navarena, zeinak adimen artifizialeko algoritmo bat garatu nahi baitu itsasoko egitura eolikoen kostu operatiboak murrizteko.

Kalkuluen arabera, itsas proiektu eoliko baten aurrekontuaren % 50 baino gehiago turbinak instalatzeari, mantentzeari eta eraisteari lotuta dago. Instalazio- eta funtzionamendu-kostuen zati esanguratsu bat egitura flotagarrietarako zimendatze- eta ainguraketa-sistemek hartzen dute.

Hala, VIVIR ekimenak —Itsas zabaleko turbina eoliko flotatzaileetarako ainguratze-sistemen balio-bizitzaren ziurgabetasuna murrizteko metodo bat baliozkotzea— helburu hau du: kostu horiek murrizteko adimen artifizialeko algoritmo bat garatzea, egiaztatzea eta baliozkotzea, datuak tratatuz eta zenbakizko ereduak sortuz.

Vincenzo Nava doktoreak aurkeztutako proiektuak zenbakizko ereduak baliatuko ditu itsas zabaleko turbina eoliko flotatzaileetarako ainguratze-sistemen akatsak eta balio-bizitza kalkulatzean gertatzen diren ziurgabetasunak murrizteko. Hala, batetik, aurrez identifikatu ahal izango dira muntaketa-faseko akats potentzialak edo kritikoak, eta, bestetik, akatson ondorioz egin beharrekoak planifikatu ahal izango dira.

Jonathan Cole Iberdrola Offshore Windeko zuzendari nagusiak halako proiektuen garrantzia nabarmendu du, energia berriztagarrien kostuak murriztean aktore nagusi bihurtzen dituelako itsasoko energia eoliko flotagarriaren sektorean.

Informazio gehiago