- Ate irekien bi egunetan, Zorrotzaurre uharteko zenbait hezkuntza-, kultura- eta sormen-erakundek beren espazioak eta proiektuak erakutsiko dizkiote publikoari, eta diziplina anitzeko jarduerak eta jarduera ludikoak antolatuko dituzte.
- Erribera Zorrotzaurre Zabalik Europar Batasunak finantzatutako T-Factor proiektuaren barruan dago, zeinean Bilboko Udalak (Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez), Tecnaliak eta Espacio Open ekimenak parte hartzen baitute; proiektu horrek berrikuntza kultural, sozial eta ekintzailetik abiatuta hiriak berroneratzeko eredu berrien alde egiten du.
Bilbo, 2021eko urriaren 28a. Erribera Zorrotzaurre Zabalik lehen jaialdia urriaren 29an eta 30ean egingo da, Zorrotzaurre uhartean. Zorrotzaurreren hiri-eraldaketa gertatzen ari den "bitartean" beren jarduera egiten ari diren hezkuntza-, kultura- eta sormen-erakundeen arteko lankidetza-ekosistema bat sortzeko lehen ekintza publikoa da proiektu hau,
eta Europar Batasunak finantzatutako T-Factor proiektuaren barruan dago; proiektu horretan, Bilboko Udalak (Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez), Tecnaliak eta Espacio Open ekimenak parte hartzen dute.
Erribera Zorrotzaurre Zabalikek helburu du lotura berriak sortzea uhartean sortzen ari diren sormen-proiektuen eta Zorrotzaurren eta Bilboko gainerako auzoetan dauden unibertsitateen artean. Hori dela eta, jaialdiak ate irekien bi egun eskainiko ditu, eta, haietan, espazio eta proiektu kultural eta sortzaileak erakutsiko zaizkio publikoari, eta diziplina anitzeko jarduera ludiko hauek antolatuko dira, dohainik:
- Espacio Open: galleta-fabrika zaharrean, Espacio Openek sormen-teknologien lantegi bat egingo du, soldaduraren munduan sartzeko. Parte-hartzaileek beren arkatz sintetizatzailea egin ahal izango dute, eta elektronikak eskaintzen dituen aukera zabal-zabalekin jolasten hasi. Lantegia Maker Faire Bilbao azokaren barruan dago, hau da, Espacio Openek aurten urrian eta azaroan egiteko antolatu duen sormen-teknologien azokan. Urriaren 29an (ostirala) eta 30ean (larunbata), 18:00etan.
- Pabellón 6-k aukera emango du bere produkzioetako bat ikusteko: Yo maté a mi hija, Hildegart. Emanaldia urriaren 29an (ostirala) eta 30ean (larunbata) ikusi ahal izango da, 20:00etan, haren espazioan. Ostiraleko emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo da.
- Escuela de Creación Cinematográfica de Bilbao-k (ECCBI) zinema hedatuaren esperientzia bat erakutsiko du, Halloweenen misterioaz inguratutako zuzeneko emanaldiekin. Urriaren 29an (ostirala) 21:00etan ECCBIren instalazioetara joaten direnek jakin ahal izango dute zer den. Zirku-arteen espazio honek Malabarismo eta Mugimenduen laborategiaren emaitzak aurkeztuko ditu; laborategi horretan, zenbait arte eszenikotako artistek diziplinen arteko nahasketa aztertzen dute. Ikerketa horren ondorioz, bi ekoizpen sortu dira, dantza eta malabarismoak uztartzen dituztenak: “Tiempo” eta “Kobr3”. Jaialdiaren barruan, obra horien zati bat erakutsiko da, eta, ondoren, lantegi bat egingo da, parte-hartzaileek dantza eta malabarismo diziplinen nahasketak eskaintzen dituen baliabide amaigabeak ezagut ditzaten. Amaieran, solasaldi bat egingo da, konpainiaren sorkuntzak hobeto ezagutzeko. Urriaren 30ean (larunbata), 12:00etatik 14:00etara. “Bolo Día / Bolo Noche” bideoperformancea emango da: Sahatsa Jauregi eta Ana Arsuaga (Verde Prato izengoitiaz ere ezaguna) sortzaileek kontzertu-performance bat erakutsiko dute, non zenbait arte-formatu esploratzeko aukera ematen duen soinu-materialak nahasten baitituzte. Proposamenak euskal kultura tradizionala, musika eta arte plastikoak nahasten ditu, eta Artiatx gunean izango da ikusgai urriaren 29an (ostirala), 19:00etan.
- Espacio 600 arte- eta kultura-ekimenentzako topagunean, zenbait jarduera egingo dira jaialdian, gure hiriko sortzaile gazteenei ikusgarritasuna emateko. Egitarauaren barruan daude bertako diseinatzaileen moda-desfilea eta arte-erakusketaren inaugurazioa (urriaren 29an —ostirala—, 19:00etan).Halaber, patroigintza-lantegi bat (urriaren 30ean —larunbata—, 12:00etan), hiri-dantzako lantegi bat (urriaren 30ean —larunbata—, 13:00etan) eta zuzeneko arte-saio bat (urriaren 30ean —larunbata—, 18:00etan) egingo dira. Gainera, bertaratzen direnek kontzertu akustiko batez gozatu ahal izango dute urriaren 30ean (larunbata), 19:00etatik 21:00etara.
- BoBo Espazioa-k, dantzaren inguruko sorkuntza- eta prestakuntza-guneak, bi jarduera prestatu ditu astebururako, ikusleen parte-hartzearekin arte eszenikoak aztertzeko. Ostiralean (18:00-20:00) eta larunbatean (11:00-13:00) “Jugar con el espacio” (“espazioarekin jolastea”) lantegia egingo da; mugitzeko gogoekin konektatzeko eta beste gorputz batzuekin interakzioan aritzeko topaketa da, eta ez da behar inolako trebetasun jakinik edo aldez aurreko esperientziarik. Halaber, “Sobre la nada. Contra el mercado” performancea antolatu dute; artista batek pilula performatibo txikiak egingo ditu, eta ikusleek obra eszeniko bat ikusteko beste modu batzuekin esperimentatuko dute, larunbatean, 19:00etan.
- Herrizikleta Bilbao-k bizikleta-ibilbide gidatu bat antolatu du, uharteko txoko ezkutuak ezagutu nahi dituztenentzat. Izena ematen dutenek auzoan zehar ibili ahal izango dute, haren historia industriala ezagutu, eta sortzen ari diren ekimenak aztertu, urriaren 29an (ostirala), 17:00etan.
- Guretxoko Skateboard Bilbao skate-eskolak ateak irekiko ditu kirol horretan interesa duten pertsona guztiek praktikatzen hasteko eta beren trebetasunak erakusteko aukera izan dezaten. Esperientzia handiko begiraleek hastapen-eskolak emango dituzte, doan eta behar den material guztiarekin. Bestalde, skater aurreratuenek skate-saio libreak egin ahal izango dituzte, eta trikimailurik onenengatik sariak eskuratzeko aukera izango dute, Instagrameko istorioen lehiaketa bat egongo baita, maniobra teknikoenak, originalenak eta dibertigarrienak baloratuko dituena. Halaber, sormen artistikorako gune bat ere egongo da, Arteskate-rekin. Parte-hartzaileek skate-oholak pertsonalizatu ahal izango dituzte, eta, irudimena askatuz, nahierara apaindu. Lanak asteburuan erakutsiko dira, eta, amaitzean, sortzaileek jaso ahal izango dituzte. Bukatzeko, festa-amaiera egingo da, bertako banda batekin. Urriaren 29an (ostirala) eta 30ean (larunbata), 10:00etatik 18:00etara. Euskadiko rokodromorik handienak ateak irekiko ditu urriaren 29an (ostirala), nahi duten guztiek gunea ezagutzeko aukera izan dezaten. Bertako instalazioetan eskalada libreko jarduerak egingo dira, kirol hau maite dutenentzat zein eskalada egiten hasi nahi dutenentzat.
T-Factor, aldi baterako hirigintza duten hiriak elkarrekin sortzen
T-Factorrek hiria berroneratzeko ikuspegi erradikal berriak bultzatzea du eginkizuna; horretarako, berroneratu bitartean espazioek hiri-ingurune inklusibo, jasangarri eta oparoak emateko bete dezaketen funtsezko zereginean zentratzen da.
Ekimen horren esparruan, lantegi bat egiten ari dira, Erribera Zorrotzaurre Zabalik jaialdia antolatzen parte hartzen duten eragile guztiekin koordinatuta diseinatu dena, ingurunea garatu “bitartean” jarduerari eusten dioten alderdi guztien arteko lankidetzaren ahalmena eta aukerak batera aztertzeko. T-Factor proiektu europarrean beste hiri batzuek ere hartzen dute parte, hala nola Amsterdam, Londres, Lisboa, Kaunas eta Milan.