Prentsa-oharra
Bizitegi-eraikuntzan saldu osteko zerbitzua kudeatzeko sistema adimenduna
Prentsa-oharra
Elikagai naturalak, nutrizio-balio handikoak eta elikadura-osagarriak lortzeko, eta, hala, elikagaien bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, osasunarekin, jasangarritasunarekin eta digitalizazioarekin lotutako teknologiak aurkeztu ditu Food4Future azokan ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak
2021eko ekainaren 14a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresekin lan egiten du, elikagaien etorkizunak dakartzan erronka nagusiei aurrea hartzeko, enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta, aldi berean, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko soluzio teknologikoak garatzeko.
Hala, elikadura osasungarria, jasangarritasuna eta digitalizazioa ditu ardatz TECNALIAren ahaleginak, eta Bilbao Food4Future – Bilbao Foodtech World Summit azokan aurkeztuko ditu berrikuntzak, ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centren. Enpresa-foro horretan, nekazaritzako elikagaien industriarako enpresa-proposamen berritzaileenak, azken aurrerapen zientifikoak eta datozen 10 urteetan elikagaien eta edarien garapena markatuko duten joerak erakutsiko dira.
TECNALIAk, Global Partner gisa parte hartzeaz gain, stand bat izango du azokan, nekazaritzako elikagaien sektorerako dituen soluzio nagusiak ezagutarazteko, eta bere ikertzaileek zenbait hitzaldi emango dituzte biltzarreko eremu batzuetan.
Elikadura osasungarria
Nekazaritzako elikagaien arloko ikerketaren bidez, helburu hauek lortu nahi ditu TECNALIAk: pertsonen bizi-kalitatea hobetu, gaixotasunak prebenitu eta, nutrizio gero eta pertsonalizatuago baten bidez, herritarren ongizatea eta zahartze aktiboa sustatu.
Osasunaz gero eta kezkatuagoa dagoen gizarte baten eskakizunei egokitutako osagai eta elikagai naturalak eta funtzionalak lortzea eta garatzea da TECNALIAren egiteko nagusia. Elikagai eta elikadura-osagarri pertsonalizatuak eta norberaren beharretara egokituak lortzea da helburua, gaixotasunak prebenitzen laguntzen duen nutrizio orekatu bat bermatu ahal izateko. TECNALIAk nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresekin batera lan egiten du, hala nola INDUKERN eta DELAFRUIT enpresekin.
Hainbat lehengaitatik lortutako konposatu aktiboen adibide batzuk aurkeztuko ditu TECNALIAk azokan, eta, horretaz gain, hainbat mikrokapsula-mota eta kapsulatze-ekipo bat ere bai. Kapsulatzeak handitu egiten du konposatu aktiboen egonkortasuna eta bioerabilgarritasuna, beren funtzionalitatea bermatua egon dadin kontsumitzen diren unera arte, eta are organismoan bere eragina egin behar duten tokira arte.
Neuroendekapenezko gaixotasunak prebenitzera eta immunitate-sistema indartzera bideratutako elikagai berritzaileak eta elikadura-osagarriak ere aurkeztuko dira, baita kontsumitzaileen bizimoduarekin bat datozen populazio-taldeen araberako elikagai-formatu berriak ere. Elikatze-sistemaren jasangarritasunari laguntzeko asmoz iturri alternatiboetatik abiatuta edo blue economy estrategiaren barruan lortutako elikagai eta osagaien (adibidez, proteinen edo DHA gantz-azidoen) balio-bizitza luzatzeko aukera naturalak aurkeztuko dira.
Digitalizazioa
Teknologiaren zeregina ezinbestekoa da elikagaien ekoizpen-prozesuetan eta enpresa ekoizleen lehiakortasunean. Gainera, funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasunerako.
TECNALIAk nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresekin batera lan egiten du, hala nola Angulas Aguinagarekin eta IAN taldearekin, negozio-aukera berriak sustatzeko teknologia berriak garatzen. Teknologia berri horietan sartzen dira, besteak beste, ikusmen artifiziala, biki digitalak, sentsorika adimenduna, mantentze-lan prediktiboa eta preskriptiboa, big data, ikaskuntza sakona, robotika, gauzen Internet eta bloke-kateen teknologia, hornidura-katearen trazabilitatea hobetzeko.
TECNALIAren standean ikusi ahal izango diren teknologien adibide bat SmartMobilityLab da: mugikortasuna, oro har, eta, bereziki, zirkulazioa kudeatzeko soluzio berriak diseinatzeko, garatzeko eta egiaztatzeko laguntza-zerbitzua. Azpiegitura teknologiko berezia du, hiri barruko eta hirien arteko zirkulazioa kudeatzeko aplikazio eta gailu adimendunen prototipoak bizkor egin ahal izateko. Bereziki erabilgarria da elikagaien sektoreko enpresentzat, banaketa-prozesuetan, azken milia barne, jasangarritasuna optimizatzeko eta hobetzeko.
Multiscan enpresako elikagai-osagaien kalitatea sailkatu eta kontrolatzeko makina ere aurkeztuko dute. X izpien teknologian eta adimen artifizialean oinarritzen da; teknologia horrek osagaiak hautatu eta kalibratzeko aukera ematen du, eta, hala prozesuak automatiza daitezke, eta elikagaien ekoizpen-katearen kalitatea hobetu.
Jasangarritasuna
Nekazaritzako elikagaien industriaren erronka nagusietako bat klima-aldaketa da. TECNALIAk neurri hauen bidez energia-trantsizio eraginkorra eta ekonomia zirkularra bultzatzeko lan egiten du: energia berriztagarriak eta karbono gutxikoak integratu, energia-bektore berriak sartu, beroa elektrifikatu eta hondar-beroak balorizatu, hondakinak balorizatu, garraioa elektrifikatu, produktu biooinarritu berriak lortu eta elikagaiak eraldatzeko prozesuetako azpiproduktuak balorizatu, besteak beste.
TECNALIAk garatu duen eta azokan egongo den produktuetako bat Energy Panel enpresarentzat garatutako panel hibrido fotovoltaiko-termodinamikoa da. Panel horrek bero-ponpa bat eta kontrol-sistema aurreratu bat integratzen ditu sisteman, eta elektrizitatea eta ur beroa ematen ditu aldi berean.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.
Informazio gehiago:
Itziar Blanco 681 273 464