Prentsa-oharra

Kantabriako Unibertsitatearekiko lankidetza indartu dugu

2025ko martxoaren 19a
Reforzamos nuestra colaboración con la Universidad de Cantabria

Kantabriako Unibertsitateak eta TECNALIAk hitzarmen estrategikoa berritu dute berrikuntza- eta ikerketa-erronka berriei aurre egiteko

  • Bi erakundeek esparru-hitzarmena berritu dute (2019tik dago indarrean), eta ikerketa eta berrikuntzako nazioarteko programetan batera parte hartzeko tresnak handitu dituzte.

Santander. 2024ko abenduaren 2an. Kantabriako Unibertsitateak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak bi erakundeen artean 2019an sinatutako esparru-hitzarmena berritu dute, eta tresna berriak gehitu dituzte hitzarmenaren izaera estrategikoa areagotzeko eta berrikuntza- eta ikerketa-erronka berriei aurre egiteko. Hitzarmen berriaren berrikuntza nagusietako bat da UCampus Joint Research Unit (JRU) garatzea, nazioarteko ikerketa- eta transferentzia-proiektuetan baterako ekintza bultzatzeko bide gisa.

Tresna berri horretaz gain, Joint Research Laboratories (JRL) deritzen ikerketa-laborategi partekatuak jarri dira abian. Haiei esker, ekipamendua eta azpiegiturak partekatu ahal izango dituzte, dauden lankidetzak indartzeko eta interes komuneko arlo emergenteetan jarduera zientifiko-teknologikoa egiten laguntzeko.

Lidergoa ikerketan eta berrikuntzan

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Ángel Pazos Kantabriako Unibertsitateko errektoreak eta Javier Urreta TECNALIAko Azpiegitura eta Zerbitzu Korporatiboetako zuzendariak. Bi erakundeek ikerketan eta berrikuntzan duten nazioarteko lidergo-posizioa bultzatuko du hitzarmenak, bien indarrak eta baliabideak batuta. Honako hauek ere izan dira akordio berria sinatzeko ekitaldian:

  • Carlos Beltrán, Ikerketa eta Politika Zientifikoko errektoreordea.
  • Daniel Castro, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zuzendaria.
  • Jesús Isoird, TECNALIAko Eraikinen eta Azpiegituren Teknologiako zuzendaria.
  • David García Sánchez, TECNALIAko Egitura Ingeniaritzako eta Fluido-Egitura Interakzioko arduraduna.

Ángel Pazos errektoreak azpimarratu duenez, esparru-akordioak eutsi egiten die bosturteko batetik hona TECNALIArekin batera lantzen ari ziren prestakuntza-, ikerketa- eta transferentzia-arloak, eta, gainera, zabaldu eta indartu ere egin da, Joint Research Laboratory bat abian jarriz: "Baterako ikerketarako egitura formalago bat, nazioarteko transferentzia-proiektuen eta ikerketa-proiektuen eskaerak elkarrekin aurkezteko aukera emango diguna". Bi erakundeen arteko lankidetza "arrakastatsu" horrek ez da bakarrik Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Eskolarentzat onuragarri, unibertsitateko beste zentro batzuetara zabaldu baita.

Bestalde, Javier Urretak positiboki baloratu du Unibertsitatearekin egindako baterako lana, eta "jauzi kualitatibotzat" jo du JRU sortzea. Haren iritziz, JRUk "aukera emango digu bai Espainian bai Europan batera lan egiteko, bereziki ikerketa-proiektu berriak eta jarduera-ildo berriak garatzen, nolabait baliagarriak izan daitezen enpresa-sare osoan berrikuntza indartzeko, gure autonomia-erkidegoetan zein Espainia osoan".

Kantabriako Unibertsitatearen eta TECNALIAren (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kidea) arteko akordioa hiru jarduketa-ildo ditu ardatz: berrikuntza-, ikerketa- eta transferentzia-jarduerak; hezkuntza-arloko jarduerak, eta prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak eta baterako intereseko beste batzuk. Horretaz gain, Tecnalia Gela mantentzen du, 2019an sortua Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, bi helbururekin: ikasleei laguntzea berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustua egiten duten Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta doktorego-tesiak egiten; eta Kantabriako Unibertsitate osoko ikerketa-taldeekin eta enpresa eta erakunde publikoekin lankidetzan jarduteko bide berriak aztertzea.