OCHk eta TECNALIAk lankidetzan jardungo dute eraikuntza industrializatuaren arloan I+G+Bko proiektuak garatzeko
Bi entitateek akordio bat sinatu dute prestakuntza eta zerbitzu teknologikoak emateko jarduerak partekatzeko
Madril, 2024ko apirilaren 22a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta Espainiako Eraikuntza Industrializatuaren Elkarteak (OCH) lankidetza estrategikoa sustatzen dute eraikuntza industrializatuko soluzio berriak ikertzearen eta garatzearen, sistemak ebaluatzearen eta eraikuntza industrializatuaren esparruetan egindako aurrerapenak zabaltzearen arloetan.
Akordio horrekin, OCHren entitate laguntzaile berri bihurtu da TECNALIA, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide.
Lankidetza horren helburua da zeinek bere jarduera-eremutik sinergiak partekatzea, eta, akordio horren bidez, bi erakundeek lankidetzan jardungo dute eraikuntza indibidualizatuaren balio-katerako soluzio fisiko, digital edo ziberfisiko berriak ikertzen eta garatzen. Besteak beste, honako arlo hauetan lan egingo dute elkarrekin: material, produktu eta sistema deskarbonizatuago eta zirkularrago berrien garapena; ikusmen artifizialean, diseinu parametriko adimendunean eta trazabilitate ziberseguruan oinarritutako soluzio digitalak; eta off-site prozesuen automatizazio adimenduna, prestazio-kontrola barne. Halaber, bi entitateek lankidetzan jardungo dute sistema industrializatuak ebaluatzeko, normalizatzeko eta ziurtatzeko zerbitzu aurreratuen arloan, aurrerapenak zabaltzen eta araugintza aurreko lantaldeetan.
Elkartzearen helburua da I+G+Bko proiektuak garatzea, zerbitzu teknologiko aurreratuak ematea eta prestakuntza-jarduerak gauzatzea. Elkarlan horiek bi aldeen interes komuneko arloetako proiektu, zerbitzu, laguntza tekniko eta beste jarduera batzuetan garatuko dira.
TECNALIArentzat, lankidetza-esparru estrategiko bat da, eta aukera emango du eraikuntza-sektoreko ekoizpen-ereduen eraldaketaren inguruan inpaktua sortzeko, bai eta prestazio-adostasunaren saiakuntza-estandar berriak sortzeko ere. Garapen teknologiko berriak produktu jasangarriagoen eta prozesu autonomoago eta adimentsuagoen soluzio berrien inguruan integratuz, lagundu nahi du ekoizpenak % 20 baino gehiago handitzen, hondakinak % 80 baino gehiago murrizten eta % 50 zirkularrago diren sistemak bermatzen, industrializatu gabeko eraikuntza-ereduen aldean.
OCHrentzat, lankidetza honek sektoreko hobekuntzak garatzen jarraitzea dakar, eta, horrela, beste urrats bat egitea norabide onean.
Zer da OCH?
Espainiako Eraikuntza Industrializatuaren Elkartean (OFFSITE CONSTRUCTION HUB, OCH), bat egiten dute enpresek, erakundeek, profesionalek, startupek, ekintzaileek eta beste eragile batzuek, ikaskuntza, lankidetza eta baterako sorkuntza sustatzeko, eta, horrela, tokitik kanpoko eraikuntzaren/fabrikazioaren/ekoizpenaren erronka eta desafioei erantzuteko.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena.
Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.