Prentsa-oharra

Hub, EAEko industria deskarbonizatzeko berrikuntza-hub bat

2024ko urtarrilaren 30a
Industrial Hub for Circularity para la descarbonización de la industria vasca

Basque Industrial Hub for Circularity sortu da, EAEko industria deskarbonizatzeko berrikuntza-hub bat

  • EAEko 10 enpresak eta entitatek bat egin dute energia-sinergiak bilatuz eta ezarriz, baliabideak efizientziaz erabiliz eta berrikuntza teknologikoaren bidez zenbait industriatan deskarbonizatzea bultzatzeko.
  • Helburua da industria-sinergien eta industria-inguruneko baliozkotze teknologikoaren bidez emisioak murrizteko aukerak identifikatzea, parte hartzen duten enpresek datozen urteetan CO2-emisioak % 20 murrizteko eta baliabide materialen, uraren eta energiaren kontsumoa % 10 murrizteko.
  • Europan aitzindari den proiektu baten barruan dago, zeinak beste hiru gune sortzea baitakar, Alemanian, Herbehereetan eta Turkian.

2024ko urtarrilaren 30a. Calcinor, Sidenor, SBS Process, Lointek, Petronor Innovación, Smurfit Kappa eta Nortegas enpresek eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Energia Klusterrarekin eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroarekin batera, bat egin dute industriaren deskarbonizaziora bideratutako Euskadiko lehen enpresa- eta teknologia-gunea sortzeko.

Basque Industrial Hub for Circularity (BIH4C) guneak, Tecnalia buru dela, egungo industria-eremuen eraldaketa bultzatu nahi du energia-sinergiak bilatuz eta ezarriz, baliabideak efizientziaz erabiliz eta berrikuntza teknologikoaren bidez.

Horretarako, industria-sektoreen artean sinergiak hedatzea sustatuko du, deskarbonizatze-teknologia berritzaileak garatuz eta eragiketa-ingurune errealetan erakutsiz. Besteak beste, hidrogeno-oxierrekuntza altzairugintzaren industrian, potentzialki finketaren sektorean elektrolisiz sortutako oxigenoa eta hidrogenoa erabiliz; CO2-a atzematea karearen industrian, eta metanoa edo, etorkizunean, erregai sintetikoak sortzeko erabiltzea finketaren sektorean; eta altzairugintzako zepak karearen industrian harrapatutako CO2-aren bidez karbonatatzea, zementu-industriako eraikuntza-materialak ekoizteko. Halaber, beste sinergia posible batzuk ere aztertuko dira, huba handitzeko planak kontuan hartuta; adibidez, azpiproduktu industrialetatik bioerregaiak ekoiztea, hala nola paper-hondarretatik edo ligninatik.

Helburua da industria-sinergien eta industria-inguruneko baliozkotze teknologikoaren bidez emisioak murrizteko aukerak identifikatzea, parte hartzen duten enpresek datozen urteetan CO2-emisioak % 20 murrizteko eta baliabide materialen, uraren eta energiaren kontsumoa % 10 murrizteko. Gainera, BIH4Ck tresna bat garatuko du energiaren eta baliabideen erabileraren arloko sinergia zirkularrak identifikatzeko EAEko industrian. Tresna horri esker, mapatu eta kuantifikatu ahal izango dira, industria-eremuka, multi-carrieren sorrera eta eskaria —hala nola O2, H2, CO2, metanoa eta zenbait hondakin eta lehengai—, eta ebaluatu ahal izango da nolako eragina izan dezakeen zirkulartasunak Euskadiko industriaren deskarbonizazioan eta lehengaien erabilera efizientean.

Hub erreferentea Europan

Hub hau IS2H4C "Sustainable Circular Economy Transition: from Industrial Symbiosis to Hubs for Circularity" Europako proiektuaren barruan sortu da, zeinak helburu baitu eskualde-garapen jasangarriko eredu berriak ezartzea eta etorkizun garbiago eta berdeagoa lortzeko bidean aurrera egitea. Partzuergoak, 9 herrialdetako 31 bazkidek osatua —haietako 10, EAEko enpresa eta entitateak—, Europako funtsezko 4 hub industrialetan erakutsiko du eredu berria, Euskadin, Alemanian, Herbehereetan eta Turkian.

Aurrekaririk gabeko ekimena da Europaren ekonomia zirkularreranzko bidean, eta eragin sakona izan nahi du industria-jardunbideetan, ingurumen-jasangarritasunean eta gizarte-ongizatean.

Euskadiren kasuan, BIH4C gunea Net-Zero Basque Industrial Supercluster (NZBISC) ekimenaren barruan dago, zeina Eusko Jaurlaritzak (SPRI), Iberdrolak eta Petronorrek sustatu baitute, industria-klusterren laguntzarekin. Ekimenak helburu du EAEko industrian emisioak murriztea bultzatzea eta, aldi berean, deskarbonizazioko teknologia eta zerbitzu berritzaileak garatzetik eratorritako lurralderako aukera berriak bultzatzea.