Prentsa-oharra

TECNALIA Dubaiko Middle East Energy (MEE) azokan

2025ko martxoaren 28a
TECNALIA en la feria Middle East Energy (MEE) de Dubái.

TECNALIAk berrikuntza eta bikaintasuna bateratuko ditu sektore elektrikorako saiakuntzetan Dubaiko Middle East Energy (MEE) azokan

  • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak TECNALIA Electrical Labs-en bidez hartuko du parte MEE azokan; laborategi independente horrek sektore elektrikorako aholkularitza-, saiakuntza- eta ziurtapen-zerbitzuetan dihardu, eta ospe handia du nazioartean
  • Nazioarteko ekitaldi honen 49. edizioa izango da aurtengoa, eta apirilaren 7tik 9ra egingo dute, Dubain. Funtsezkoa da Ekialde Ertaineko energia-sektorerako, eta urtero mundu osoko fabrikatzaileak, konpainia elektrikoak eta sektoreko profesionalak biltzen ditu
  • TECNALIAk F21 zenbakiko standa izango du 2. hallean; bertan, sektore elektrikorako saiakuntza- eta ziurtapen-zerbitzuak ikusi ahal izango dira, eta han egongo diren adituekin hitz egin

2025eko martxoaren 27a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa Dubaiko Middle East Energy (MEE) 2025 azokan izango da, non bere berrikuntza eta abangoardiako laborategi elektrikoen bikaintasuna bateratuko baititu: TECNALIA Electrical Labs. Aurten 49. edizioa izango duen nazioarteko ekitaldi hau funtsezkoa da Ekialde Ertaineko energia-sektorerako, eta urtero mundu osoko fabrikatzaileak, konpainia elektrikoak eta sektoreko profesionalak biltzen ditu.

Aurten, Middle East Energy (MEE) azoka apirilaren 7tik 9ra izango da, eta ardatza izango da erakustea energia berriztagarriak, energia-metatzea eta digitalizazioa funtsezkoak direla lurralde horretako energia-ekosistema optimizatzea eta autosufizientzia bermatzea lortzeko. Azokak energiaren sektoreko esparru guztiak hartuko ditu: transmisioa eta banaketa, energia elektrikoaren sorkuntza, energiaren biltegiratzea, energia berriztagarriak eta energiaren kontsumoa eta kudeaketa.

Zentro teknologikoa 2. halleko F21 standean egongo da, eta sektore elektrikorako aholkularitza-, saiakuntza- eta ziurtapen-zerbitzuak eskaintzen dituzten ekipo elektrikoen laborategiak erakutsiko ditu. TECNALIAk hamarkada bat baino gehiago darama ekitaldi horretan parte hartzen, eta, horri esker, sendotu egin ditu ekipo elektrikoen tokiko fabrikatzaileekin dituen harremanak, eta erreferentziako laborategi gisa finkatu da Ekialde Ertainean, Arabiar Emirerri Batuetan, Saudi Arabian eta Omanen, besteak beste. TECNALIA aintzatetsia dago Europa osoan, eta Ekialde Ertaineko herrialdeetako konpainia elektriko garrantzitsuenetako batzuen onespena lortu du, hala nola TAQArena (ADWEA/ADDC), DEWArena eta SEWArena Arabiar Emirerri Batuetan, DCRPrena Omanen eta SECena Saudi Arabian.

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak ekipo elektriko ugariren diseinua baliozkotzeko gaitasunak ditu, hala nola banaketa-transformadoreak, neurketa-transformadoreak, kableak eta osagarriak, behe- eta erdi-tentsioko etengailuak, transformazio-zentroak, isolagailuak eta tapa-zeharkatzekoak, potentzia-inbertsoreak eta -bihurgailuak, kontagailu adimendunak eta abar, guztiak ILAC akreditazioarekin, ISO 17025 arauaren arabera. Ekoizleen produktua garatzeko prozesuaren parte da, eta haien eskura jartzen ditu prototipoen eta azken produktuen diseinua baliozkotzeko probak definitzeko eta egiteko behar diren baliabideak, gaitasunak eta ezagutza. Gainera, saiakuntzak in situ egiten ditu, goi-tentsioko kableak martxan jartzeko, energia-instalazioetan instalatutako sorgailu handien eta potentzia-transformadoreen diagnostikoa egiteko eta aholkularitza teknikoko zerbitzuak emateko.

INTERTEK, UL, ASEFA eta nazioarte mailako ospe handiko beste produktu-ziurtatzaile batzuekin egindako aliantza-sareak aukera ematen dio TECNALIAri bere eskaintza merkatuko balio handiko produktu-ziurtapeneko zerbitzuetara hedatzeko.