Prentsa-oharra

TECNALIAk eta VIRLABek bat egin dute saiakuntza sismikoak eta elektrikoak egiteko

2025ko urtarrilaren 14a
Default image  post type alt

TECNALIAk eta VIRLABek bat egin dute saiakuntza sismikoak eta elektrikoak egiteko potentzia-ekipoetan eta goi-tentsioko ekipoetan

  • TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro teknologikoak eta Gipuzkoako VIRLAB laborategiak, zeina bibrazioetan eta talka-probetan erreferentea baita, beren gaitasunak konbinatuko dituzte soluzio teknologikoak emateko sektore estrategikoetan, hala nola energia nuklearraren, tren-industriaren eta energia eolikoaren sektoreetan.
  • Horretarako, saiakuntza elektrikoak eta saiakuntza sismikoak barne hartzen dituen proposamen integral bat eskainiko dute, muturreko baldintzetan ekipoen eta egituren fidagarritasuna eta segurtasuna sustatzeko eta ziurtatzeko eta, hala, akatsak prebenitzeko eta produktuen iraunkortasuna eta errendimendua hobetzeko.

Bilbo, 2025eko urtarrilaren 14a. TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro teknologikoak eta Gipuzkoako VIRLAB laborategiak —erreferentea da bibrazioetan eta talka-probetan— bat egin dute, industriarako lehen saiakuntza sismiko eta elektriko konbinatuak eskaintzeko. Hala, beren esperientzia eta beren laborategietako baliabideak konbinatuko dituzte, potentzia-ekipoetarako eta erdi- eta goi-tentsioko ekipoetarako zerbitzu integratu bat eskaintzeko eta soluzio teknologikoak emateko hainbat sektoretan, hala nola energia nuklearraren, tren-industriaren eta energia eolikoaren sektoreetan. Hain zuzen ere, saiakuntza sismikoekin, bibrazioekin edo talkekin konbinatutako proba elektrikoen eskakizunak zorrotzagoak dira sektore horietan, eta gehiago inbertitzen da azpiegitura erresilienteetan.

Saiakuntza elektrikoek aukera ematen dute egiaztatzeko ekipoak behar bezala diseinatzen direla zerbitzu-baldintzak jasateko, hala nola zirkuitulaburrak, tximistak, tentsio- eta korronte-gainkargak eta ekipoetan eta, beraz, hornidura elektrikoan kalteak edo etenak eragin ditzaketen bestelako gorabeherak. Bestalde, bibrazio-saiakuntzek ziurtatzen dute ekipoak gai izango direla garraioan edo funtzionamenduan sortutako bibrazio-eskaerei aurre egiteko, fidagarritasunari eragin gabe. Muturreko kasuetan, frogatu behar dute ekipoak gai direla lurrikara baten aurrean beren segurtasun-funtzioa betetzeko. Saiakuntza konbinatu berri horiei esker, muturreko baldintzetarako ekipoen eta egituren fidagarritasuna eta segurtasuna bultzatu eta ziurta daiteke, eta, hala, hutsegiteak prebenitu. Era berean, produktuen iraunkortasuna eta errendimendua hobetzen dira.

Elkarlan teknologikoa eta industriala

VIRLAB Gipuzkoako URBAR industria-taldekoa da, eta erreferentziako laborategia da Europan bibrazioen eta talken saiakuntza dinamikoetan. 1976an sortu zen, eta lurrikarak edo bestelako bibrazioak eta talkak jasan ditzaketen ekipoetarako saiakuntza egiaztatuak garatzen ditu hainbat sektoretarako, hala nola energia nuklearraren, tren-industriaren eta energia eolikoaren sektoreetarako. Jarduera horri ekin zionetik, bibrazioen eta talken 3.500 saiakuntza baino gehiago egin dira Asteasuko (Gipuzkoa) instalazioetan.

Bestalde, TECNALIAk Sare Adimendunetarako Ekipo Elektrikoen Laborategia du, InGRID izenekoa. Instalazio berdingabeak dira Europan, eta potentziako, goi-tentsioko eta erdi-tentsioko laborategiak dituzte. Instalazio horiek banaketa- eta garraio-sare elektrikoen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten diete, eta, bereziki, sare elektriko adimendunen garapenari. Izan ere, sare horiei esker, TECNALIA nazioarteko erreferente bihurtu da ekipo elektrikoen garapenean eta ziurtapenean, 35 urte baino gehiagoko esperientziarekin.

Aitor Kortajarena TECNALIAko Electrical Labs-eko zuzendariaren iritziz, “hitzarmen honek indartu egiten du industria elektrikoan eta sektore kritikoetan (nuklearrean, adibidez) segurtasunarekin eta kalitatearekin dugun konpromisoa, eta irtenbide osoa eta fidagarria eskaintzen die fabrikatzaileei. Balio integraleko proposamen bat da, enpresei kalitate handiko proba espezializatuen zerbitzu osoa ematen diena sarrera bakar baten bidez, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin bezeroarentzat”.

Bestalde, URBAReko presidente exekutibo Francisco Martín Morales de Castillak nabarmendu duenez, "merkatuak gero eta saiakuntza sismiko eta elektriko gehiago eskatzen ditu erdi- eta goi-tentsioko ekipo elektrikoen segurtasuna eta fidagarritasuna bermatzeko, eta TECNALIArekin sinatutako hitzarmen honek abangoardian jartzen gaitu gero eta handiagoa den behar hori asetzeko, baten eta bestearen laborategietan egin ditzakegun saiakuntzen osagarritasuna dela eta".