TECNALIAk laborategi bat, Europan aitzindaria, jarri du abian hidrogenoaren teknologiak garatzeko
- Instalazioak, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan kokatuak, teknologia berritzaileak ikertzeko eta baliozkotzeko eraiki dira, bai eta teknologia horiek eskalatu eta industrializatzeko ere, hala deskarbonizazioa eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.
- Hidrogenoaren laborategia gaur inauguratu dute Iñigo Urkulllu lehendakariak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Alex Belaustegui TECNALIAko lehendakariak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak.
- Laborategi horretan, gaur egun, 50 proiektu baino gehiago egiten ari dira hidrogenoaren inguruan, sorkuntza, biltegiratzea, banaketa, garraioa, erabilera eta segurtasuna kontuan hartuta. Martxan jartzeko, 5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da.
Donostia, 2024ko otsailaren 9a. Hidrogenoa da Europan 2050erako ezarritako zero emisioko helburuak lortzeko bide nagusietako bat. Hori dela eta, industriak ahalegin handia egin du hidrogenoa energia-bektore jasangarri giltzarri bihurtzeko beharrezkoak diren tresnak aurkitzeko. Hala, hidrogenoaren sorkuntza, biltegiratze, garraio, banaketa, erabilera eta segurtasunerako teknologiak garatzen dituen laborategi bat jarri du martxan TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak. Europan aitzindariak diren instalazioak ditu teknologia horiek ikertzeko eta baliozkotzeko, bai eta haiek eskalatzeko ere, eta, horri esker, industrializatzeko prozesua bizkortzeko.
Hidrogenoaren laborategia Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan dago, eta gaur inauguratu dute Iñigo Urkulllu lehendakariak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Alex Belaustegui TECNALIAko lehendakariak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak.
Instalazio horiek 1.000 metro koadro baino gehiagoko azalera hartzen dute, eta martxan jartzeko 5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa behar izan da. Bi helbururekin sortu dira: alde batetik, teknologia berritzailea garatzea, enpresek merkatu globalean duten lehiakortasuna bultzatzeko eta horrek, aldi berean, ingurunean eta gizartean eragina izan dezan; eta, bestetik, helburu hauek dituzten hidrogeno-teknologien eskalatzea bultzatzeko, industriara eramateko: sorkuntza, erabilera, banaketa, biltegiratzea, garraioa eta segurtasuna.
Hori gauzatzeko, TECNALIAk hidrogenoaren balio-kateko enpresekin lankidetzan dihardu arlo horretan berrikuntza eta aurrerapena bultzatzeko. Gainera, laguntza hauek izan ditu: Eusko Jaurlaritza, Azpitek programaren bidez; Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) Cervera laguntzak; eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarrien eta Biltegiratzearen (ERHA) PERTE programaren bidez.
Garapenak hidrogenoaren balio-kate osoan
Gaur egun, laborategi honetan 50 proiektu baino gehiago egiten ari dira hidrogenoaren inguruan, sorkuntza, biltegiratzea, banaketa, garraioa, erabilera eta segurtasuna kontuan hartuta. Sorkuntzaren esparruan, teknologia guztiak —elektrolizagailuen zein erregai-pilen arlokoak— testatzeko ekipamendua du laborategiak. Aldi berean, TECNALIA beste teknologia batzuk garatzen ari da hidrogeno berdea kostu lehiakorrean sortzeko, hala nola belaunaldi berriko elektrolisia eta mintz-erreaktoreak. Era berean, elektrolizagailuen Europako I+G proiekturik handienaren buru da beste 28 erakunderekin batera.
Biltegiratzearen arloan, hidrogeno-kantitate handiak distantzia luzeetara kostu lehiakorrean eta era jasangarrian eramatea ahalbidetuko duten garraio-alternatibak bilatzen ari da. Era berean, presio altuko hidrogeno gasarekin kontaktuan egoteko zenbait materialen bateragarritasuna ikertzen ari da, hodietarako, biltegiratze-tangetarako eta lurpean biltegiratzeko gatz-sotoetarako. Segurtasunaren arloan, hidrogeno-ihesak detektatzeko sentsoreak garatzen eta ihesei lotutako arriskuak analizatzen dihardu zentroak.
Halaber, hidrogenotik abiatutako beste eremu hauetarako soluzio aurreratuak ari da lantzen: mugikortasun jasangarria; ibilgailuen propultsio-sistemak; eta beste industria batzuei —siderurgia, kasurako— aplikatutako errekuntza-sistemak. Laborategi honek osatu egiten ditu TECNALIAk duela 20 urte baino gehiagotik hidrogenoaren inguruko teknologia berritzaile propioetan lan eginez garatu dituen gaitasunak. Lan horren ondorioz 1.500 metro karratutik gorako azpiegitura bat sortu da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar hedatzen dena.
Honako hauek osatzen dute azpiegitura hori: mintzen laborategia, non hidrogenoa ekoizteko eta arazteko mintzak garatzen baitira; gainazalen laborategia, hidrogeno-elektrolizagailuen eta -sentsoreen osagaietarako estaldurak sortzeko; potentzia-elektronikako laborategia, elektrolizagailuetarako eta erregai-piletarako; energia-efizientziako laborategia, hidrogeno-teknologien aprobetxamendu energetikoko teknologietarako; konpositeen laborategia, non hidrogenoa presio altuan biltegiratzeko tangak garatzen baitira; mugikortasunerako Powertrain-en laborategia, non hidrogeno-ibilgailuen propultsio-sistemak diseinatzen baitira; hidrogeno-errekuntzako teknologien laborategia, non hidrogeno-erregailuak eta -labeak testatzen baitira; eta H2LOOP laborategia, Nortegásek gidatua, non gasaren banaketa-sareko materialek eta osagaiek hidrogeno eta gas natural nahasketekin duten bateragarritasuna aztertzen baita.
TECNALIAri buruz
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.