Prentsa-oharra

ASPAPELek eta TECNALIAk berrikuntza sustatzen dute paper-industrian

2024ko urriaren 18a
ASPAPEL y TECNALIA fomentan la innovación en la industria papelera

ASPAPELek eta TECNALIAk akordio bat sinatu dute paper-industrian berrikuntza sustatzeko

  • Jarduera-eremu nagusien artean, nabarmentzekoak dira produktu berrien garapena, fabrikazio-prozesuen hobekuntza, sektorearen deskarbonizazioa eta energia-efizientziaren aldeko apustua.
  •  Sektoreak berrikuntzarekin duen konpromisoaren barruan sartzen da akordioa. 2023an, paperaren industriak inbertsioen % 25,6 bideratu zuen berrikuntza eta hobekuntza teknologikora

Madril. 2024ko urriaren 08a. Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (ASPAPEL) lankidetza-hitzarmen bat sinatu du TECNALIArekin (Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena). Horren bidez, bi erakundeek loturak estutu dituzte orea, papera eta kartoia ekoizten duen industrian berrikuntza sustatzen jarduteko elkarlanean.

ASPAPELen eta TECNALIAren arteko akordioa jarduera-eremu jakin batzuetara bideratzen da. Besteak beste, hauetara: ezaugarri aurreratuak dituzten zelulosazko produktu berriak garatzera; dauden fabrikazio-prozesuak optimizatzera; prozesuak, produktuak eta zerbitzuak digitalizatzera; ekonomia zirkularra bultzatzera; eta, azken batean, sektoreko berrikuntzaren kudeaketa hobetzera. Gainera, sektorearen deskarbonizazioan aurrera egiteko estrategiak jorratuko dira, eta soluzioak aztertuko dira energia-efizientziaren arloan eta erregai fosilen ordezko energia-iturrien integrazioaren arloan.

Papergintza-sektorearentzat funtsezkoa den une batean sinatu da akordioa, sektoreak jarraitzen baitu inbertsio-gaitasuna eta berrikuntzarekiko konpromisoa erakusten. 2023an, sektoreak 288 milioi euro inbertitu zituen guztira, eta, zehazki, inbertsio horren % 25,6 berrikuntzara eta hobekuntza teknologikoetara bideratu zen. Inbertsio horiek ekoizpen-prozesua eta jasangarritasuna hobetzera bideratuta daude, baita produktuei propietate berriak ematera ere, merkatuaren premia aldakorrei erantzute aldera, hala bermatuko baita paperak eta kartoiak kontsumitzaileen eguneroko bizitzan inoiz baino presentzia handiagoa izaten jarraituko dutela.

Manuel Domínguezek, ASPAPELeko zuzendari nagusiak, azpimarratu du nolako garrantzia duen berrikuntzak industriaren erronkei aurre egiteko eragile nagusi gisa: "Berrikuntza da efizientzia eta jasangarritasun handiagoak lortzera garamatzan palanka. Horregatik, oso pozik gaude TECNALIArekin lan egiteaz. Elkarlan honen helburua da, gure produktuak eta prozesuak hobetzea ez ezik, industriarentzako erreferentzia-eredu bat ezartzea, jasangarritasunarekin eta modernizazioarekin dugun konpromisoa indartzeko".

Bestalde, TECNALIAko Zirkulartasuneko zuzendari Soraya Prietok azaldu duenez, "gure elkarlanak paperaren sektoreko balio-kate osoaren deskarbonizazioa bizkortzen lagunduko du, berrikuntza teknologikoan dugun esperientziari esker. Prozesuen efizientzia areagotu nahi dugu papergintzaren sektoreko funtsezko arloetan".

Elkarlan honen bidez, ASPAPELek eta TECNALIAk konpromisoa hartu dute paperaren eta kartoiaren industriarako etorkizun berritzaileago eta jasangarriago bat bultzatzeko eta, hartara, teknologia berriak eta praktika jasangarriago eta efizienteagoak ezartzeko erreferente gisa duten posizioa sendotzeko.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen gara, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko. Teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen dugu hori. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Bko markaren ospeari dagokionez.

ASPAPELi buruz

ASPAPEL (Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) estatu mailako erakunde profesional bat da, zelulosaren eta paperaren sektoreko enpresak biltzen dituena. Enpresa elkartuak sektoreko ekoizpenaren % 95 dute. Elkartearen helburua da enpresa elkartuen garapen lehiakor eta jasangarria bultzatzea eta sektorearen eta sektoreko enpresen eta produktuen irudia sustatzea.

Espainian, paperaren eta kartoiaren industriak urtean 5.300 milioi euro inguru fakturatzen ditu, eta 6 milioi tona paper eta 1,6 milioi tona zelulosa ekoizten ditu. 16.964 profesional enplegatzen ditu zuzenean, eta zeharkako 85.000 lanpostu inguru sortzen ditu. Hirugarren postuan jarri du Espainia paper eta kartoi gehien birziklatzen duten EBko herrialdeen zerrendan (2023ko datuen arabera).