Prentsa-oharra

Telefónica eta TECNALIA hidrogeno berdearen sektorearen digitalizazioan

2024ko otsailaren 1a
Telefónica y TECNALIA en la digitalización del sector del hidrógeno verde

Telefónicak eta TECNALIAk hidrogeno berdearen sektorearen digitalizazioa bultzatuko dute

  • Bi konpainiak azken teknologietan oinarritutako proiektu batean ari dira lanean hidrogeno berdea sortzeko instalazioen kostuak eta prozesuak merkatzeko. Horrek atmosferara isurtzen den CO2-a murrizten lagunduko du.
  • Fabrikazio adimendunaren, trantsizio digital energetikoaren, mugikortasun jasangarriaren, osasun pertsonalizatuaren eta hiri-ekosistemaren inguruan soluzio berritzaileak hedatzeko eta, hala, industria-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lankidetza-akordio baten barruan kokatzen da proiektua.

Madril, 2024ko urtarrilaren 31 Telefónicak eta TECNALIAk, ikerketa aplikatuaren eta garapen teknologikoaren Espainiako zentrorik handienak, elkar hartu dute hidrogeno berdea sortzeko ekoizpen-azpiegituren diseinua, lan egiteko modua eta kontserbazioa optimizatzeko.

TECNALIAk prozesu eta teknologia bereizgarriak sortu, garatu eta industrian ezartzeko duen ezagutza sakona jarriko du; eta Telefónicak, bestalde, digitalizazioa gaitzeko teknologietan —hala nola konektagarritasunean eta Big Datan (BD)— dituen gaitasunak txertatuko ditu.

Eredu matematiko eta prototipo berrietan oinarritutako soluzioak

Hidrogeno berdearen ekoizpen jasangarria lortzeko helburuarekin, Telefónicak eta TECNALIAk lantalde bateratuak ezarriko dituzte hidrogeno-instalazio baten elementuen funtzionamendu-baldintzak itxuratuko dituzten eredu matematiko eta prototipo berrietan oinarritutako soluzioak sortzeko. Datu horien bilakaeratik, eta askotariko informazio-iturriekin konbinaturik, zenbait eredu egin ahal izango dira BDari eta adimen artifizialari (AA) esker, enpresei hidrogeno jasangarria sortzeko prozesuak ezartzen laguntzeko.

Lankidetza-proiektu honen onuren artean, honako hauek nabarmentzen dira: hasierako kostuak murriztea, baliabideak optimizatzea, produkzioa planifikatzea, instalazioetako elementu kritikoen balio-bizitza handitzea eta instalazioen errendimendua hobetzea. Gainera, ekimen honek ekoizpen-sektorea deskarbonizatzen laguntzen du; izan ere, iturri berriztagarrietatik ez datorren hidrogenoaren ekoizpena CO2-isuri guztien % 2 baino handiagoa da.

Micaela Martellik, Telefónica Espainiako Soluzio Sektorialen zuzendariak, hau adierazi du: "Aliantza honi esker, etorkizun energetikorako giltzarri izango diren teknologien bideragarritasuna hobetzeko nahitaezkoak diren teknologia, ezagutza eta industria-gaitasunak garatu ahal izango ditugu, eta hori lagungarria izango da energia garbien arloan herrialde aitzindarietako bat izateko posizioari eusteko".

Teknologia giltzarrietan dituen gaitasunak konbinatuko ditu —esaterako, gauzen Internet eta Big Data adimen artifizialeko trebetasunarekin—, eta, horretaz gainera, Telefonicak segurtasuna bermatuko du hidrogeno berdea ekoizteko prozesu osoan. Horrek prozesuen autonomia handiagoa ahalbidetuko du, eta, ondorioz, sortzen dituzten zerbitzuen errendimendu handiagoa.

Hidrogeno berdea kostu txikian sortzeko soluzioak

Agustín Sáenz TECNALIAko Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariak honela dio: “Gure egitekoa da enpresa-ehunari balio erantsi handiko soluzio teknologikoen bidez lehiakortasuna eta jasangarritasuna optimizatzen laguntzea, eta lankidetza hau aukera bat da gure inguruneak hidrogenoaren arloan dituen gaitasun teknologiko eta industrialak indartzeko eta balio-kate bat sortzeko, hidrogenoa etorkizuneko energia nagusietako bat izango baita”.

TECNALIAk hidrogeno berdea kostu txikian sortzeko soluzioak garatzen ditu, hidrogenoa eskala industrialean ekoizteko ekimenen buru da eta laborategi aitzindari bat martxan jartzen ari da Donostian bektore energetiko hori sortzeko eta biltegiratzeko osagaiak eta materialak probatu eta ebaluatzeko. Era berean, H2Site enpresaren bultzatzailea izan zen 2019an. H2Site nazioarteko liderra da, zenbait lehengai hidrogeno bihurtzeko duen mintz-bereizgailu eta -erreaktoreen teknologia esklusiboagatik.

Aurrerapen teknologikoak eraldaketa digitalean

Telefónicaren eta TECNALIAren arteko lankidetza hau akordio zabalago baten barruan kokatzen da: aurrerapen teknologikoak eta egungo arazo industrialen konponketa bateratzea da helburua, ingurune industrialak eraldaketa digitalaren bidean dituen erronka konplexuei erantzuna ematen lagunduz.

Hala, soluzio berritzaileak sortzea bermatuko da honako arlo hauetan: fabrikazio adimenduna, trantsizio digital energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasun pertsonalizatua eta hiri-ekosistema sektore-mota guztietan, logistikatik hasi eta nekazaritzako elikagaien sektoreraino edo zerbitzu publikoen enpresetaraino, besteak beste. Hala, soluzio osoak eta eskalagarriak hedatu ahal izango dira, beren jarduera-eremurako zerbitzu- eta eragiketa-eredu egokienak barne hartuko dituztenak.