Berria

Mikrobus hibridoa, zero emisioko guneetan hiri-zerbitzuak emateko

2018ko abenduaren 5a

Repsol, Lancor, Infranor, Masermic eta CIE Automotive enpresen lankidetzaren eta TECNALIAk bazkide teknologiko gisa egindako lanaren emaitza da ekimena

Propultsio hibridoko mikrobusa merkatura iritsi da, hiri-zerbitzu batzuen emisioak murrizteko; adibidez, banaketa-lanen edo pertsonen garraioaren emisioak. Repsol, Lancor, Infranor, Masermic eta CIE Automotive enpresen lankidetzaren eta TECNALIAk bazkide teknologiko gisa egindako lanaren emaitza da ekimena. Go Mobility azokan aurkeztu zuten Irunen, FICOBAn, azaroaren 27an eta 28an.

3.500 kg baino gehiagoko ibilgailu bat da, eta errekuntza-motorra erabiltzen du, motor elektrikoaren propultsioarekin konbinatuta, martxan doanean bateriak kargatzeko. Hala, gasolina-motorra bateria kargatzeko bakarrik erabiltzen da; motor elektrikoak mugitzen du ibilgailua, baterietako energia erabiliz. Modu elektriko hutsean funtzionatzeko aukera ematen du ibilgailuak, emisiorik gabe, eta, halaber, gelditu gabe ibilbide luzeak egitekoa, bateriak sorgailu-motor unitatearen bidez kargatzen baitira, gidariak horretarako ezer ere egin beharrik gabe eta multzoaren efizientzia maximizatuta.

Erregai berria

Ibilgailu hibrido horrek badu beste berrikuntza bat ere: Repsolek garatu duen erregai batekin dabil, eta erregai horri esker, efizientzia areagotu eta partikulen emisioa urritu egiten da. Gasolina arinak eta oso efizientzia handiko labaingarriak diseinatzea izan da helburua, motorren preignizio-fenomenoak gutxitzeko.

Ibilgailuak daraman plataformak emisioak eta kostua murrizten ditu. Hiriguneetan ibilgailuak sartzeko arauak gero eta gogorragoak dira, eta aukera zabalak ematen ditu egoera horietarako. Stockholmen, Berlinen, Londresen, Parisen edo Erroman egiten ari diren ekimenen ildotik, zero emisioko ibilgailuak soilik ibil daitezkeen guneak ezartzen ari dira pixkanaka.

Mugikortasun Jasangarriaren azoka

Oso harrera ona izan zuen mikrobusak Mugikortasun Jasangarriaren azokan. Beste gauza batzuk ere erakutsi genituen: birtualki gidatzeko postu bat, ibilgailu baten simulazio-sistema oso bat, erresistentzia probak egiteko motor-bankada bat, eta ibilgailuen pisua nabarmen arintzen duen gurpil-motor bat.

TECNALIAn, aktiboki lan egiten dugu irtenbide berritzaileak garatzen etorkizuneko mugikortasunaren inguruko aldaketa handi horien alde egiten duten sektoreko enpresentzat. Zehazki, elektrifikazioa eta automatizazioa garatzen ditugu, produktuak kostu-, pisu- eta prestazio-ezaugarri berrietara egokituz eta haietan material eta prozesu berriak sartuz.

Informazio gehiago prentsa-oharrari buruz