"MikroRNAek funtsezko prozesu biologiko ugaritan eragiten dute, hala nola zelula-garapenean, erantzun immunean eta metabolismoan”
TECNALIA eta medikuntza pertsonalizatuaren aurrerapena: mikroRNAek gaixotasun neurodegeneratiboetan duten papera aztertzen ari gara
Gure genetikako laborategia aktiboki ari da lanean mikroRNAek gaixotasun neurodegeneratiboetan duten papera aztertzen duten proiektuetan. Gaixotasun horiek gero eta patologia ohikoagoak dira biztanleriaren zahartzearen ondorioz. Gaixotasun horietan parte hartzen duten prozesu biologikoak ulertzeko helburuarekin, aztertzen ari gara nola eragiten duten erregulatzaile genetiko txiki horiek gene-espresioan eta gaixotasun horien oinarrian dauden mekanismoetan.
Gaixotasun horien ezagutzan sakondu ez ezik, medikuntza pertsonalizatua inplementatzen ere lagundu nahi dugu, tratamenduak eta terapiak paziente bakoitzaren ezaugarri genetikoetara egokituz. Hala, espero dugu patologia horiek dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gizarte osasungarriagoa eta zahartzearen erronkei aurre egiteko prestatuagoa lortzen laguntzea.
RNA molekulak geneen erregulazioan
Duela gutxi iragarri da 2024ko Medikuntzako Nobel saria Victor Ambrosi eta Gary Ruvkuni eman zaiela mikroRNAk aurkitzeagatik; RNAz osatutako molekula txiki batzuk dira, geneen erregulazioan funtsezko papera dutenak.
- Molekula horiek RNA mezulariekin batzen dira; horren ondorioz, haiek proteinetara itzultzea inhibitzen dute eta haien degradazioa bultzatzen.
- Frogatu da mikroRNAek funtsezko prozesu biologiko ugaritan eragiten dutela, hala nola zelula-garapenean, erantzun immunean eta metabolismoan.
Aurkikuntza horrek inpaktu handia du ikerketa biomedikoan, batez ere giza genomak mila mikroRNA baino gehiago kodetzen dituelako, zeinak zenbait patologiarekin erlazionatu baitira, minbizia eta gaixotasun neurodegeneratiboak barne —adibidez, alzheimerra eta parkinsona—.