"Sistema horren bidez, enpresek hobeto hartzen dituzte materialak berrerabiltzeari eta birziklatzeari buruzko erabakiak, eta, gainera, materialen kalitate-kontrola handitzen da"
Trazia merkaturatu du, seinale anitzeko sentsorika aurreratuko sistema bat, materialen errebalorizatzea bultzatzeko AA integratua erabiltzen duena.
TECNALIAk TRAZIA merkaturatu du. Balio-kateko agenteek, teknologia honekin, gaur egun baino mila aldiz informazio gehiago jasotzen dute aztertutako materialei buruz, laborategiko analisi-teknika tradizionalekin alderatuta. Hamar enpresa baino gehiagotan ematen du zerbitzu hori zentroak, hala nola Viuda de Sainzen eta Demoliciones Lezaman.
Sistema hau, espektro eta ikusmen bidezko sentsorika multimodalaren eta ikaskuntza sakoneko algoritmiaren bidez, gai da baliabide materialen hainbat ezaugarri trazatu eta aurreikusteko (hala nola morfologia, kolorea, tamaina edo konposizio kimikoa), informazioaren trazabilitatea areagotze aldera. Hala, enpresek hobeto hartzen dituzte materialak berrerabiltzeari eta birziklatzeari buruzko erabakiak, eta materialen kalitate-kontrola handitzen da. Gainera, prozesu horrek % 20 handitzen du enpresa-produktibitatea.
Ekoizpen-zikloen amaierako efizientzia areagotzea
Iñigo Vegasek, TECNALIAko Next Construction-eko zuzendariak, hau adierazi du: “sistema honek, zeinari Trazia izena jarri baitiogu, leiho berri bat ireki du eraldaketa digitalean, errentagarritasuna, produktibitatea eta deskarbonizazioa areagotzen baitie balio-kate zirkularren zenbait ekoizpen-eragileri.
Sistemak aukera ematen du iragartzeko, azken produktuaren ezaugarri aurreikusien arabera, azken merkatuko zer erabilera izan dezakeen kontuan hondakin-kudeatzaile batek. Horrela, ekoizpen-zikloen amaierako efizientzia handitzen dugu. Halaber, datu-sorrera masibo horrek konfiantza hobetuko du kate zirkularretako agenteen arteko harremanetan, eta bigarren mailako lehengaien erabilera sustatuko du”.
Eraldaketa digitalerako bultzada
Sistema honek eraldaketa digitala sustatzen du mineral-erauzketako sektorean, eko-industrian eta eraikuntzaren industrian, prozesuak eta lehengaien kalitateak optimizatzen baititu eta zenbait balio-kate zirkularren inguruko trazabilitatea eta informazio objektiboa hobetzen baitu. Hala, zenbait industria-prozesutan integratzeko garatzen ari da, honako material mota hauek aztertzeko aukera eman dezan:
- Eraikuntza- eta eraispen-lanen ondoriozko baliabideak.
- Elikagaien bilgarriak, altzariak, isolatzaileak eta eraikuntza-sistemak birziklatzea.
- Produktu energetikoetarako baliabide mineralak, hala nola haize-sorgailuen palak.
- Erauzketa-sektoreko mineralak eta metalak identifikatzea.
Zehazki, EAEko zementuzko eraikuntza-produktuen fabrikatzaileei, urtean 2,8 eta 26 milioi euro arteko aurrezpena ekar liezaieke sistema honi esker lortutako fidagarritasun handiko frakzio mineral berreskuratuez baliatu ahal izateak. Elikadurarako ontzi biooinarrituen kasuan, berriz, % 70 baino gehiago handitu ditzake zirkulazio-tasak.