Berria

AAren eta robotikaren bidez fatxada-eraikuntza eraldatzea

2025ko martxoaren 7a
Transformamos la construcción de fachadas con IA y robótica

"Espero da fatxada automatizatuko sistema berriak % 15 murriztea fabrikazio- eta instalazio-denborak"

AA, robotika eta digitalizazioa fatxada modularren diseinuan, fabrikazioan, instalazioan eta desmuntaketan integratzea lantzen ari gara

TECNALIA buru duen Europako 15 bazkideko partzuergo batek fatxada-sistema erabat automatizatu eta jasangarri bat garatuko du, AMALTEA ekimenaren esparruan. Sistema berritzaile horretan, fatxada modularrak AAk bultzatutako tresna parametrikoak erabiliz diseinatzen dira; doitasun robotikoz fabrikatzen dira, eta automatizazio-teknologia aurreratuekin instalatzen dira.

Gainera, desmuntatzeko estrategia jasangarriak garatuko dira, fatxadako materialak modu efizientean berrerabili edo birziklatu ahal izatea ziurtatzeko eta eraikuntza-sektorearen ingurumen-inpaktua nabarmen murrizteko. Hala, ekimena bat dator Europako Itun Berdearen printzipioekin, industrian segurtasuna hobetzeko, hondakinak minimizatzeko eta efizientzia hobetzeko helburuarekin, eta, aldi berean, ekonomia zirkularraren ikuspegia hartzen du.

Sistema automatizatu berriaren onurak

AA, biki digitalak eta automatizazioa erabat integratzeari esker, proiektuak giza langileen eta roboten arteko elkarlan erraza bermatzen du. Onura hauek espero dira, besteak beste:

  • % 20-% 50 murriztea sistemaren garapena kalkulatzeko denbora
  • % 15 murriztea fabrikazio- eta instalazio-denborak
  • % 30 handitzea material birziklagarrien erabilera
  • % 1etik beherako akats-tasa bermatzen duen soldadura-prozesua gainbegiratzeko eta kontrolatzeko sistema bat ezartzea
  • % 100 bat etortzea neurtutako geometria eta eredu digitala
  • % 30 murriztea instalazio-prozesuaren lan-denbora
  • Segurtasun-baldintzak hobetzea, arrisku handiko eskuzko zereginak murriztearen ondorioz

ETEei eta startup berritzaileei laguntzea

AMALTEA Europako ekimena, zeina Horizon Europe esparru-programak laguntzen baitu, lau urtean gauzatuko da, eta onurak ekarriko dizkie Europa osoko zenbait industriari, hala nola arkitekturari, ingeniaritzari eta eraikuntzari.

Horretaz gain, finantza-laguntza emango die ETE eta startup berritzaileei, eraikuntzaren sektorearen eraldaketa bizkortuko duten teknologia berriak sustatzeko.

Funtsezko eragileen arteko lankidetza

Ekimenean funtsezko zenbait eragilek hartzen dute parte, hala nola TECNALIA, Acciona, Siemens, Züblin, Nlink, Teknopar, Facade Design & Building, ENAR Envolventes Arquitectónicas, LORTEK, Stuttgarteko Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, FundingBox Accelerator, Digital for Planet eta Fast Track.