"Prestazio handiko pertzepzio- eta monitorizazio-sistemak garatzen ari gara, manufaktura-, energia- eta birziklapen-industriako erronkak ebazteko"
Prestazio handiko pertzepzio- eta monitorizazio-sistemak garatzen ari da TECNALIA industriarako INYCOMekin batera
4.0 Industriak eta adimen artifizialak eraldatu egin dute industriako inguruneetan arazoak hautemateko, monitorizatzeko eta diagnostikatzeko dugun modua. Ingurune errealetan, alabaina, zailtasunak daude datu-kantitate handiak era seguruan eta eraginkortasunez transferitzeko, hala nola lan-baldintza aldakorrak eta mugak.
TECNALIA eta INYCOM prestazio handiko pertzepzio- eta monitorizazio-sistemak ari dira garatzen elkarrekin, teknika matematiko aurreratuen eta azken belaunaldiko OT/IT teknologien bidez erronka horiek ebazteko manufaktura-, energia- nahiz birziklapen-industriarako.
Zer arazo konpontzen dituen
Ekimen horren bidez, arazo hauek konpontzen dira, besteak beste:
- Seinaleen prozesamenduan aurreratzea, industria-ingurune konplexuetan kondizio-monitorizazioa (condition monitoring) egiteko hainbat ekoizpen-sektoretan, hala nola makina-erreminta, robotika, automobilgintza eta espazioa.
- Monitorizazio-sistema konplexuak optimizatzea, sentsore gutxiago behar izateko monitorizazio-sistemak ezartzeko eta, hala, soluzioaren kostuak eta konplexutasuna txikiagotzeko.
- Parametro kritikoen karakterizazioa hobetzea, irudi zuzenduko eta sentsore anitzeko gailuak sortuz, zeinek neurtze-ahalmen handiak baitituzte, datu-analisiko doitasuna eta efizientzia hobetzeko.
- Pertzepzio-sistemak moldatzeko arintasunari, datu gutxiago idatzi behar izateari eta ereduen bizi-zikloa optimizatzeari esker, monitorizazio-sistemak industria-ingurune desberdinetara bizkor egokitzeko aukera izango da.
- Jasangarritasuna, birziklatzean materialak identifikatzeko tekniken aurrerapenari esker hondakinen kudeaketa efizienteagoa eta jasangarriagoa baita.
- Energia berriztagarria ekoiztea olatu-energiako eta energia eolikoko azpiegituren eragiketa eta mantentzen-lanak hobetzean, eta, hala, haien errendimendua eta balio-bizitza luzatzea.
- Soluzio teknologikoen eskuragarritasuna, gaur egungo teknologiak lehiakorrak ez diren tokietan soluzio berritzaileak hedatzeko, eta, hala, industriaren digitalizazioa eta automatizazioa errazago eskuratzeko aukera izatea.
Enpresen prozesuak hobetzen dituen teknologia
Monitorizazio aurreratuari esker, enpresek beren prozesuak denbora errealean eta lan-baldintza errealetan kontrolatu ahal izango dituzte, eta arazoak efizientzia handiagoz identifikatu eta konpondu. Hala, neurri zuzentzaileak lehenago hartu ahal izango dira, eta, ondorioz, kostuak murriztu eta produktibitatea hobetu.
Ekimen honek eragin zuzena du gizartean ere, funtsezko sektoretan dituen aplikazioengatik; nabarmentzekoak dira uhin-energiaren eta energia eolikoaren operazioa eta mantentze-lanak eta materialak era autonomoan identifikatzea birziklatzean bereizteko. Soluzio horiekin, esparru horietako efizientzia, jasangarritasuna eta segurtasuna areagotu ahal izango dira, eta inpaktu positiboa izango dute bai maila ekonomikoan bai ingurumenean.
Ekimenak NEXMON izena du, eta oso erabilera interesgarriak hartzen ditu kontuan, hala nola uhin-energiaren sorgailuak, seinale dinamikoen bidezko fabrikazio-prozesuak eta material birziklatuen korronteak.