Aireko robot batean ari gara lanean, sarbide zaileko inguruneetako azpiegituretan ikuskatze- eta mantentze-lanak egiteko.
Adimen artifiziala, robotika eta droneak erabiltzeari esker, eraikinak ikuskatzeko modua eraldatzen ari da
TECNALIAn, eraikuntzaren sektorean berrikuntza bultzatzen jarraitzen dugu, eraikinetan eta azpiegituretan ikuskatze- eta mantentze-lanak efizientziaz egiteko teknologia aurreratuak garatuz. Adimen artifiziala, robotika eta droneak erabiltzeari esker, eraldatzen ari da eraikinak ikuskatzeko modua: prozesuak optimizatzen dira, eta segurtasun eta efizientzia handiagoa bermatzen da.
Ikuskapen automatizatua, segurtasuna eta efizientzia hobetzeko
Gure droneak eraikuntzen eta azpiegituren ikuskatze-lanak iraultzen ari dira. Hau da drone hauen ezaugarri nagusia: industrian asko erabiltzen diren sentsoreak edukitzeaz gain —hala nola espektro ikusgarriko kamerak eta kamera termografikoak—, ikuskatze-lanak kontaktu bidez egiteko gaitasuna dute. Ultrasoinuen bidezko saiakuntza ez-suntsitzaileen (NDT) bidez, barne-pitzadurak eta lodiera-galerak antzeman daitezke. Gailu horiek sarbide zaileko eremuetara irits daitezke langileen segurtasuna arriskuan jarri gabe, eta azpiegitura etengabe eta zehatz-mehatz monitorizatzeko aukera ematen dute.
Egitura altuak edo iristeko zailak dituzten eraikinen kasuan, ikuskapenak egiteko aukera ematen du aireko robotikak, desmuntatze garestirik eta eragiketetan etenik egin beharrik gabe. Gainera, norabide orotako droneak ditugu, espazioan esferikoki 360º biratzeko gai direnak eta, beraz, edozein norabidetan orienta daitezkeenak. Horri esker, ultrasoinuen saiakuntzak egin daitezke edozein gainazaletan, dela ganga batean, dela biaduktu baten beheko aldean, dela edozein gainazal zeiharretan. Horrek mantentze-lanak efizientzia handiagoz kudeatzeko aukera ematen du, eta luzatu egiten du azpiegituren bizitza baliagarria.
Bestalde, garatzen ditugun aireko robotek eraikinetan eta azpiegituretan mantentze-lanak egiteko gaitasuna dute. Norabide orotako izateari esker (esferikoki 360º biratzeko gaitasuna), tresnak eramaten ditzakete korrosioa duten gainazalak garbitzeko, pintura-geruzak aplikatzeko, torlojuak jartzeko eta estutzeko, eta abar. Gailu horiek sarbide zaileko eremuetara irits daitezke, hala nola tuneletara, zimenduetara eta hainbat altueratako egituretara, eta mantentze-lanak erraztu ditzakete langileen segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Espazio txikietan klimatizazio-, iturgintza- edo kableatu-sistemak dituzten eraikinen kasuan, ikuskatze-lanak desmuntatze garestien beharrik gabe egiteko aukera ematen du robotikak. Horrek eraikinen mantentze-lanak efizientzia handiagoz egiten eta azpiegituren bizitza baliagarria luzatzen laguntzen du.
Eraikuntza jasangarri eta efizientearekiko konpromisoa
Teknologia horiek eraikinen ikuskatze- eta mantentze-lanetan integratzeak, segurtasuna eta efizientzia hobetzeaz gain, sektorearen jasangarritasunari ere laguntzen dio. Egiturazko arazoak goiz detektatzeak eta haietan berehala esku hartzeak material gehigarrien beharra murrizten du eta konponketen ingurumen-inpaktua minimizatzen du.
TECNALIAn, digitalizazioaren eta automatizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, azpiegituren ikuskatze- eta mantentze-lanak eraldatzeko. Eraikuntza-prozesuak optimizatzen dituzten eta eraikin seguruagoak, efizienteagoak eta jasangarriagoak bermatzen dituzten soluzioak garatzen jarraitzen dugu.