Berria

Mintzen teknologiaren erabilera bizkortzeko Europako hub-ean parte hartzen dugu

2025ko martxoaren 17a
Hub de membranas

"Hub-aren helburua da bizitza errealeko arazo industrialetan mintzak probatzeko aukerak sortzea”

TECNALIAk, Europako 32 bazkiderekin batera, modelizazio-laborategi birtual bat sortu du, mintzen teknologia garatzen lagunduko duten instalazio eta zerbitzuen sare bat eratzeko

Mintzen teknologiak hainbat bereizketa-prozesu biltzen ditu, guztiak mintz baten bidez gauzatuak. Mintza hesi erdiiragazkor bat da: osagai batzuk pasatzen uzten ditu eta beste batzuk atxiki. Erabilera industrialeko materialen ikerkuntzaren arloan, garapenik handieneko prozesuetako bat da teknologia hori. Garatu diren teknologiak erabakigarriak izan daitezke funtsezko erronkei aurre egiteko. Besteak beste, arazo hauei ekiten diete: klima-aldaketa, uraren tratamendua, jasangarritasuna eta prozesuen eraginkortasuna handitzea.

Mintz-teknologien garapena bizkortzea

TECNALIA, 32 bazkidek osatutako partzuergo batekin batera, eta lau urteko iraupena duen INNOMEM ekimenaren esparruan, mintzen teknologiaren sektorea iraultzea helburu duen Europako aliantza baten buru izan da. Fase berri honetan, EMI Twente zentro holandarra arduratuko da hub-aren jarduera koordinatzeaz, zeinetan 6 bazkidek hartzen baitute parte: EMI Twente, Hereon, Fraunhofer, Caiotech, Vito eta TECNALIA.

Ekimenak berrikuntza irekiko proben laborategi birtual bat du; horren bidez, instalazioen eta zerbitzuen sare batera sartzeko aukera du. Ekimenaren helburua da teknologia honen garapena bultzatzea askotariko prozesu industrialetan. Garapen horien hartzaile nagusiak ETEak dira; zehazki. beren kezkei gutxieneko inbertsio-kostuekin eta teknologiaren transferentziari lotutako arrisku txikiekin heldu nahi dietenak.

Honako hauek eskaintzen ditu sarbide bakar horrek:

  • Mintzen teknologia aplikatzeko eta garatzeko instalazio eta zerbitzuen sarea.
  • Mintz aurreratuak garatzeko zerbitzuak.
  • Erabilera-baldintza desberdinetan testatzeko aukera.
  • Mintzetan oinarritutako prozesuak modelizatzeko aukera.

Horrela, erakunde batek mintzen teknologiarekin lotutako behar bat duenean, INNOMEMera jo dezake. Europa mailako zentro espezializatuen sare batek artatuko du. Horrek aukerak sortzen ditu bizitza errealeko arazo industrialetan mintz berritzaileak probatzeko eta, beraz, produktu berri horiei merkaturako bide azkarragoa eta eraginkorragoa irekitzeko.

INNOMEMek landutako erronkak

Teknologiaren garapenaz gain, erronka sozialak eta ingurumenekoak lantzen ditu ekimenak, eta hainbat arlotan jartzen du arreta, hala nola klima-aldaketaren ondorioak arintzean, uren tratamenduan, jasangarritasunean eta prozesuen efizientzia handitzean. Horrela, zenbait adibide garatu dira mintz bidezko soluzioek sektore hauetan erronkak nola konpon ditzaketen erakusteko:

  • Gasen bereizketa.
  • Uren tratamendua.
  • Farmazia-produktuen fabrikazioa.
  • Elikagaien prozesamendua.

Kasu praktiko horiek, mintz bidezko soluzioen bideragarritasun teknikoa eta efikazia baliozkotzeaz gain, erronka praktikoei buruzko informazio baliagarria ematen dute. Horrez gain, teknologia horiek industria-inguruneetan aplikatzearen bideragarritasun ekonomikoa erakusten dute.