"TECNALIAk teknologia horiek esploratzen ditu erabilera gehiagotarako balio duten eta moldagarriago eta efizienteagoak diren gailu elektronikoak diseinatzeko eta fabrikatzeko aukera berriak irekitzeko helburuarekin"
Ohiko elektronikaren mugak gainditzeko soluzio berritzaileak garatzen ditugu
Zenbait hamarkadatan, zirkuitu inprimatu zurrunetan (PCB) oinarritutako elektronikak berrikuntza teknologikoa bultzatu du funtsezko hainbat sektoretan, informatikatik hasi eta medikuntzaraino. Haien sendotasunari eta estandarizazioari esker, ekoizpen efiziente eta fidagarria lortu da.
Dena den, haien zurruntasunak murrizketak ere ezartzen ditu: ez da bideragarria malgutasuna behar duten aplikazioetarako, hala nola janzgarrietarako edo ehun adimendunetarako. Gainera, forma finkoa izateak zaildu egin dezake gailu trinkoak edo geometria konplexukoak diseinatzea.
Inpresio funtzionala soluzio iraultzaile gisa
Inpresio funtzionala soluzio iraultzaile gisa sortu da. Zenbait teknikatan (hala nola serigrafian eta jetting digitalean) egindako aurrerapenei esker, orain substratu malguetan edo, areago, azken produktuan zuzenean txerta daitezke material funtzionalak. TECNALIAk teknologia horiek esploratzen ditu erabilera gehiagotarako balio duten eta moldagarriago eta efizienteagoak diren gailu elektronikoak diseinatzeko eta fabrikatzeko aukera berriak irekitzeko helburuarekin.
Berrikuntzarekiko konpromisoa
TECNALIAk uste osoa du teknologia horiek eragin nabarmena izango dutela epe labur eta ertainean. Horregatik, gure ezagutzan oinarritutako espezializazio-estrategia bat garatu dugu.
Horri esker, zeharkako soluzioak sor ditzakegu hainbat sektoretarako, inprimaketa funtzionalaren funtsezko lau arlo ardatz hartuta:
- Azken gainazaletan funtzionaltasunak inplementatzea. Edozein geometriatan edo materialetan zuzenean inprimatzeko aukera ematen duten prozesuak garatzen ditugu, oinarri hartuta materialei buruzko gure datu-basea eta inprimaketa-teknologia nagusiez eta 3D gainazaletan inprimatzeko eta hibridatzeko sistema aurreratuz hornituta dagoen laborategia.
- Material konposatuetan funtzionaltasunak gehitzea. Prozesu berritzaile bat patentatu dugu materialaren geruzen barruan osagai elektronikoak inprimatzeko eta hibridatzeko; hala, haiek konpositeak fabrikatzeko prozesuetan integratzea errazten du.
- Gailu elektronikoen fabrikazio aditiboa. Aukera berriak aztertzen ditugu funtzionalitate elektroniko inprimatuak txertatzeko polimeroen fabrikazio aditiboan. Buru anitzeko gure ekipamendu paregabeari esker, aukera dugu aldi berean 3D egitura polimerikoak inprimatzeko eta prozesu berean elektronika inprimatua integratzeko.
- Hari gabeko komunikazioak eta elikadura integratzea. Konektibitatea funtsezko erronketako bat da inprimaketa funtzionalaren arloan. Konektore fisikoen ordez energia eta datuak efizientziaz hartzeko eta transmititzeko gai diren antena inprimatuak ezartzen ari gara.
TECNALIAk enpresei laguntzen die ibilbide horretan, eta esperientzia zabala eskaintzen die inprimaketa funtzionalaren arloan zein berariazko erabilera-kasu bakoitzerako behar diren beste teknologia batzuetan.