"Lehengai horren eskasiaren aurrean, teknologia berritzaileak garatzen ditugu, lur arraroak dituzten lehengaiak eta aleazioak lortzeko"
TECNALIAn, teknologia berritzaileen bidez lur arraroak balorizatzen lan egiten dugu
Lur arraroek gero eta interes handiagoa pizten dute maila globalean, eta horrek munduko ekonomian duten garrantzia nabarmentzen du. Elementu kimikoen multzo hori ezinbestekotzat jotzen da gure gizartearen deskarbonizazio eta elektrifikaziorako; horregatik, Europar Batasunak politika propioa sortu du gai horren inguruan. Kontuan izan behar da EBk paper garrantzitsua duela automobiletarako eta turbina eolikoetarako trakzio-motorren fabrikazioan, baina ez dituela lur arraroz osatutako iman iraunkorrak ekoizten. Iman iraunkorren eskaeraren % 98 Txinako inportazioekin betetzen da. Hori ahulgunea da EBrentzat, eta, horregatik, iman iraunkorren fabrikazio-kate osoa ezarriko duen industria independente eta erresiliente bat garatzeko hainbat ekimen abiatu dira.
TECNALIA eta lur arraroak
TECNALIAn aurrea hartu dugu, eta, lehengai horren eskasia ikusirik, lur arraroak balorizatzeko teknologia berritzaileak garatzen ditugu, gure "hiri-meategi" ugarietatik lehengaiak eta aleazioak lortzeko. EBn lur arraroen meatzaritza primariorik ez dagoen arren, elementu baliotsu horien tona ugari dauzkagu, hondakin gisa bazter utzitakoak, hala nola telefono mugikorretan, patinete elektrikoen eta turbina eolikoen motorretan, disko gogorretan eta abarretan.
Horregatik, hondakin horiek balorizatzeko eta imanek daramaten lur arraroen ehunekoa murrizteko, errendimendu handiko teknika konputazionalak erabili dira MATBIL ekimenaren barruan, ICME by TECNALIA metodologian oinarrituta, sinterizazio-teknika aurreratuen bidez material magnetiko berriak aurkitzeko eta fabrikatzeko.
Ekimen honetan, halaber, plasma bidezko fusio-teknologia berri bat garatu da kobre hoztuko arragoa batean, eta, horri esker, lur arraroetan aberatsak diren hainbat korronte balorizatu ahal izan dira.