Berria

Errealitate areagotua eta robotika nekazaritzaren zerbitzura

2025ko martxoaren 17a
Transformando la poda en la agricultura con Realidad Aumentada y Robótica

"Tresna teknologiko aurreratuen bidez, nekazariak sektorearen eraldaketa digitalaren erdigunean jartzeko lanean ari gara”

TECNALIA errealitate areagotuko, robotikako eta adimen artifizialeko soluzioak garatzen ari da, haiei esker mahasti eta olibadietako inausketa-lanen iraultza eragiteko

Teknologiak ustiategi baten errentagarritasuna optimizatzen lagundu behar du. Landa-eremuaren digitalizazioak aukera ematen du nekazaritza-ustiategi baten errendimenduak handitzeko, kostuak aurrezteko eta denborak optimizatzeko. Horretarako, nekazariak sektorearen eraldaketa digitalaren erdigunean jarriko dituzten hainbat ekimenetan ari gara lanean TECNALIAn. Hori lortzeko, tresna teknologiko aurreratuak ematen dizkiegu, denborak eta kostuak optimizatzen eta lan-baldintzak hobetzen dituztenak.

Errealitate areagotuaren eta robotikaren bidez, nekazaritzako inausketa eraldatu

Ekimen horietako batekin lortu nahi da mahasti eta olibondoetako —balio handiko bi labore— inausketa-lanetan iraultza eragitea, errealitate areagotua (EA), robotika eta adimen artifiziala (AA) aplikatuz.

Helburua da adimen artifizialeko modulu bat garatzea, zeinak, giza ezagutza aditutik ikasteko gai izanik, mahastiak eta olibondoak inausteko erronka espezifikoei aurre egingo baitie. Horri gehitu behar zaizkio:

  • Prestakuntza-plataforma egokigarri bat, edukia erabiltzaile bakoitzaren ezagutza-mailara doituko duena.
  • Errealitate areagotuko sistema bat, inausketan zehar denbora errealean laguntza eskainiko duena.

Gainera, soluzioa bi sistema robotiko desberdinekin integratuko da:

  • Exoeskeletoak, olibondoak inausteko eskuzko lanak errazteko eta neke fisikoa murrizteko gai izango direnak.
  • Robot autonomoak, mahastietan inauste-lanak modu independentean egiteko gai izango direnak.

Inpaktu soziala eta jasangarritasuna nekazaritza-sektorean

AgRimate izeneko ekimen teknologiko horrek ikuspegi holistikoa du, eta nekazariengan zein landa-komunitateetan inpaktua sortzea du helburu. Horretarako, ebaluazio integraleko tresna bat garatuko da, soluzioaren eraginkortasuna produktibitatearen, gizarteratzearen eta lan-ongizatearen ikuspegitik neurtzeko diseinatua.

Era horretan ekinez, inausketaren efizientzia eta jasangarritasuna handitzeaz gain, nekazaritzako langileen bizi-kalitatea hobetu nahi da. Horrela, sektorearen eraldaketa digitalean eta sozialean laguntzen dugu.

Gaur egun, olibadien proiektu pilotuan ari da lanean TECNALIA, Jaenen, Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasunarekin (UPA) batera, lider teknologiko gisa. Pilotu horrek soluzioa ingurune erreal batean baliozkotzea ahalbidetuko du, eta, horrela, garatutako tresnek nekazarien beharrei erantzuten dietela ziurtatuko du.