"Teleoperazioa funtsezko teknologia da gidatze autonomoaren erabilera bizkortzeko eta hiri-inguruneetan floten kudeaketa hobetzeko"
Teleoperazio-soluzioetan ari gara lanean, funtsezko garapena baita mugikortasun autonomo eta partekaturako
TECNALIA mugikortasun-eredu efizienteago, jasangarriago eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko soluzio teknologikoetan ari da lanean. Teleoperazioa funtsezko teknologia da gidatze autonomoaren erabilera bizkortzeko eta hiri-inguruneetan floten kudeaketa hobetzeko.
Etorkizuneko hiri-ibilgailua elektrikoa, konektatua, autonomoa eta partekatua izango da. Eredu horrek abantaila handiak ditu efizientziari, malgutasunari eta jasangarritasunari dagokienez, eta aukera ematen du premium mugikortasun-zerbitzuak kostu txikiagoetan emateko. Hala ere, gidatze erabat autonomoak teknologiari eta araudiari lotutako zenbait erronkari aurre egin behar die oraindik, eta erronka horiek zaildu egiten dute gidatze autonomoa hiri-ingurune konplexuetan masiboki hedatzea.
Mugikortasun adimendunaren etorkizuna
Hutsune teknologiko hori betetzeko, TECNALIA teleoperazio-soluzio hibridoak garatzen ari da, maila desberdinetako gidatze autonomoa dutenak. Urrutiko gidatzearekin, operadore bakar batek ibilgailu asko kontrolatu ditzake modu sekuentzialean eragiketa-zentro ergonomiko eta seguru batetik, eta, hala, hiri-mugikortasuna optimizatzen da.
Ildo horretan, teleoperazioa funtsezko garapena da mugikortasun adimendunaren etorkizunerako zenbait arlotan.
- "Car Sharing" motako flotak kudeatzea: teleoperazioak ibilgailu partekatuen eskuragarritasuna hobetzen du, eta haien logistika optimizatzen du; hala, kostuak murrizten dira, eta erabiltzailearen esperientzia hobetzen da. Ibilgailuak estrategikoki koka daitezke eskariaren arabera, adimen artifizialeko algoritmoei esker.
- Autobus-garajeetako optimizazioa: mantentze-, garbiketa- eta karga-lanak egiteko autobusak leku batetik bestera mugitzeko barne-logistika automatizatzeko aukera ematen du; hala, gidariak libreago daude, eta efizientzia operatiboa hobetzen da.
- Platooning: CRISALION MOBILITYrekin lan egiten dugu teleoperazioa eta konboien eratze automatikoa konbinatzeko, teleoperadore bakar batek hainbat ibilgailu kudea ditzan aldi berean.
Mugikortasunaren etorkizuna bultzatzen dugu
Azpimarratu nahi dugu potentzial handia duela teleoperazioak, bai teknologia nagusi gisa ("remote driving" —urrutiko gidatzea— esaten zaio eginkizun horretan), bai gidatze autonomoko sistemen babes-mekanismo gisa ("remote assistance" —urrutiko laguntza— ). Teleoperazioa, beraz, oso mekanismo indartsua da adimen artifizialak ere gainditu ezin dituen gorabeherak konpontzeko eta gidatze automatizatuko sistemak hedatzen laguntzeko, feedback positiboko zirkulu birtuoso bat eratzen baita. Horrexegatik du konfiantza TECNALIAk teleoperazioaren potentzialean; ez bakarrik gaur egun duen balioagatik, baita etorkizunean gidatze automatizatua ahalbidetu eta sustatuko duelako ere.