Berria

Ingurune konplexuetan gidatze automatizatua hobetzeko ekimenak

2025ko otsailaren 27a
Proyecto iEXODDUS

"Aurrera egiten dugu ibilgailu autonomoen teknologian eta gidatze automatizatuko sistemetarako diseinu operatiboko domeinuen (ODD) gaitasunak handitzen"

TECNALIAk iEXODDUS ekimenean parte hartuko du CCAM teknologien arloan berrikuntza sustatzeko

TECNALIAk bat egin du iEXODDUS ekimenarekin (Infrastructure for the Extension of ODDs – applied in connected and aUtomated driving and Standardization procedures), gidatze automatizatuko sistemetan diseinu operatiboko domeinuak (ODD) hobetu eta zabaltzeko. Ekimen horri esker, ibilgailu autonomoek modu seguruan jardun ahal izango dute ingurune konplexuagoetan, hala nola seinaleztatu gabeko errepideetan, obretako eremuetan eta klima-kondizio gogorretan.

Ekimenean Europako 6 herrialdetako 14 erakundek hartuko dute parte: besteak beste, ViF, AVL, CANON, RWTH Aachen, THI eta FORD. 36 hilabeteko iraupena izango du.

Mugikortasun automatizatu eta konektatua

TECNALIAko Construction Labs arloak funtsezko zeregina izango du gidatze automatizatuko hainbat egoeratan ODDen jarraitutasuna eta fidagarritasuna bermatzeko azpiegiturak ebaluatzen eta egokitzen. Alderdi hauetan zentratuko da: ingurune eraikiaren baldintzak aztertzea eta ibilgailu automatizatuen pertzepzioa eta erabakiak hartzea hobetzeko sentsorizazio-teknologia aurreratuak integratzea.

Ekimenaren funtsezko alderdietako bat da datuen fusioko metodoen bidez sentsoreen teknologiak eta pertzepzio-gaitasunak hobetzea, hartara, ingurumen-baldintzak eta bide-azpiegitura zehatzago detektatzeko. Horrek gizakien esku-hartzea murrizten eta CCAM sistemen autonomia handitzen lagunduko du. Horretaz gain, teknologia horiek garatuko ditu, eta ingurune errealetan probak eginez baliozkotuko ditu TECNALIAk, hala nola Bizkaia Connected Corridor-en (BCC), ODD hedatuen ezarpena ebaluatzeko hautatutako erakusleetako bat baita.

iEXODDUS bidez, mugikortasun automatizatu eta konektatuarekin duen konpromisoa indartzen du TECNALIAk, eta apustu egiten du hiriko eta hiriarteko hainbat agertokitan ibilgailu autonomoak integratzea erraztuko duten soluzio berritzaileen alde. Europako bazkideekiko elkarlanak aukera emango du lege-harmonizazioan eta teknologia horiek eskala handian ezartzeko gomendio estrategikoak formulatzen aurrera egiteko.