"D-WAVEren taldea bisitatu dugu Burnabyn (Kanada); bilera teknikoetan parte hartu dugu, eta bisitaldi informatzaileak egin ditugu haren instalazioetan"
D-WAVE taldea bisitatuko dugu, konputazio kuantikoko berrikuntza irekiaren eremuan elkarlanerako egon daitezkeen bideak aztertzeko.
Aitor Gomez-Tejedor eta Eneko Osaba gure lankideek D-WAVEren taldea bisitatu dute Burnabyn (Kanada), konputazio kuantikoko berrikuntza irekiaren eremuan egon daitezkeen lankidetza-bideak aztertzeko. Bisitan, bilera tekniko oso emankorretan hartu dute parte, eta D-WAVEren azken belaunaldiko instalazioetan bisitaldi informatzaile bat egitera gonbidatu dituzte.
D-WAVEko Benchmarking Programs-eko zuzendari Pau Farrék antolatu du bisita. Haiekin batera, Jose Pinilla eta Parham Pashaei Quantum Algorithms Instituteko kideek eta Steve Wilton British Columbiako Unibertsitateko kideak ere hartu dute parte. TECNALIAren kolaboratzaile ezagunak dira, eta haien ekarpena funtsezkoa izan da ekitaldia gerta zedin.
Bisita horren ondorioz, TECNALIAren eta D-WAVEren interes komuneko zenbait ikerketa-ildo identifikatu dira. Espero dugu berrikuntza irekiaren esparruko lankidetza-aukera berriak bilaka daitezela.
TECNALIAren eta D-WAVEren arteko elkarlana
“The Rise of Quantum Computing in Supply Chain and Logistics Management” izeneko nazioarteko web-mintegi batean sortu zen TECNALIAren eta D-WAVEren arteko lankidetza. Han, moduluetako bat eman zuen TECNALIAk. Ekitaldi horrek hasiera eman zion bi erakundeen arteko etorkizun handiko lankidetzari, zeina berrikuntza irekian zentratuta baitago.
D-WAVEren annealerak erabiliz TECNALIAk egin dituen zenbait ikerketa-ekimenetan du jatorria lankidetza horrek. Ekimen horiek Eusko Jaurlaritzaren BasQ estrategiaren barruan daude, eta, bereziki, Bizkaiko Aldundia buru duen eta garapenaren eragile gisa berrikuntza irekia sustatzen duen BIQAIN ekimenaren barruan.