Berria

Portuetako segurtasunerako eta zaintzarako robot autonomo bat garatzen ari gara

2024ko uztailaren 9a
cybercop-seguridad-portuaria

"Mugikortasun autonomoa duen sistema adimendun bat garatzen ari gara, portuei segurtasun-, kontrol- eta erosotasun-mailak handitzeko aukera emango diena"

Bere portaera portuko zaintza- eta kontrol-prozesuetara egokitzen duen eta kontrol-zentroekiko interakzioa errazten duen robot autonomo bat garatzen ari gara

Hala defini liteke Cybercop proiektua. Ports 4.0-k finantzatu du, eta Alacanteko portuko gurutzaontzi-terminalean probatu da, teleoperazioan eta zaintza-ibilbideak planifikatzeko lanetan.

2.12 Cybercop proiektuan, robot autonomo bat garatzen ari dira, interes orokorreko portuak zaintzera bideratua, eta, horrekin batera, funtzio espezifikoak sortzen ari dira robotaren portaera portuko zaintza- eta kontrol-prozesuetara egokitzeko eta kontrol-zentroekiko interakzioa errazteko.

Teknologien integrazioa

Cybercop-en ezaugarrien artean, nabarmentzekoak dira 4×4 motorizazioa eta integratuta dituen gailuak: 360°-ko LIDARa; ordenagailu bidezko ikuspeneko eta ikaskuntza sakoneko sistemak; robotaren kokapenaren zehaztasuna areagotzeko RTKa; 4G konexioa; 360°-ko ikuspena lortzeko lau kamerako sistema; larrialdietako elementuak dituzten konpartimentuak; eta eremu hareatsuetan mugitzeko gaitasuna, baita itsasertzean ere.

Funtzionalitate horiek guztiak Alacanteko portuko instalazioetan probatu dira, portuak eragile laguntzaile gisa jardun baitzuen proiektuan. Proba horiek egiaztatu dute softwareak zein plataforma robotikoak aurreikusitakoaren arabera funtzionatzen dutela.

Cybercopen ikuste-sistemak, zenbait LIDAR (Laser Imaging Detection and Ranging) sentsore ez ezik, baditu bi RGBD kamera ere (aurrealdekoa eta atzealdekoa), robotaren periferia osoa hartzeko. "Kamera horiek pertsonak eta objektuak detektatzeko gai dira, eta, horri esker, kontrol-zentroari ohartaraz diezaiokegu horrelakorik badago debekatutako guneetan".

TECNALIAn muntatuko da robota

TECNALIA bi plataforma prototipoak diseinatzen eta fabrikatzen ari da. Beheko bastidore batek eta txasis batek osatzen dituzte plataformak; beheko bastidorean daude plataformei agindutako trakzioa eta gaitasun dinamikoak ematen dizkieten osagai mekaniko eta elektrikoak. Badute goiko txasis bat ere; horretan daude ACTISAk zehaztutako sentsoreak (behar bezala akoplatuta eta txasisari lotuta) eta gorago deskribatutako gainerakoak.

Egiten ari diren lanen artean dago beheko plataforman integratzen diren motorren maila baxuko kontrolaren garapena, hura ROS frameworkean programatzea barne, CARCIS sisteman integratu ahal izateko (ACTISAk ROSen garatu du haren kodea).

Datozen asteetan hasiko dira Cybercop robota muntatzen TECNALIAk Bilbon dituen instalazioetan. Robotak onura hauek ekarriko dizkie enpresei:

  • Segurtasun handiagoa: robotak eremu zabalak patruilatu, eta anomaliak detekta ditzake; horri esker, balizko segurtasun-mehatxuak identifika ditzake, eta efizientzia handiagoz erantzun dezake haien aurrean.
  • Zaintza hobea: robotak zaintza autonomoa egiteko duen gaitasunari esker, lehen zaintzen zailak edo ezinezkoak ziren eremuak estaliko dira, eta, hala, gorabeherak eta delituak izateko arriskua murriztuko da.
  • Kostu txikiagoak: robot autonomoa erabiltzeak segurtasun- eta zaintza-kostuak murriztuko ditu, ez baitu une oro giza langilerik behar.
  • Efizientzia handiagoa: robotak datu-kopuru handiak biltzen eta aztertzen ditu, eta horrek aukera ematen du patroiak eta joerak identifikatzeko, eta, hala, segurtasuna eta eragiketen efizientzia hobetzeko.
  • Malgutasuna eta moldagarritasuna: robota hainbat zeregin egiteko eta hainbat ingurune eta egoeratara egokitzeko programatu daiteke, eta, ondorioz, oso moldagarria da.
  • Gardentasun handiagoa: robotak bideo- eta datu-erregistroak ematen ditu, eta horiek erabil daitezke gorabeherak ikertzeko eta segurtasunaren eta zaintzaren gardentasuna hobetzeko.
  • Bezeroaren esperientzia hobea: bidaiariak hartzen dituzten portuen kasuan, segurtasun-robot bat egoteak segurtasun- eta ongizate-sentsazio handiagoa eman diezaieke bidaiariei.
  • Arauak betetzea: segurtasun-robot bat erabiltzeak (Cybercop kasu) segurtasun-erregulazio eta -estandar garrantzitsuak betetzen lagun diezaieke enpresei.