Berria

Gidatze lagundurako garatu ditugun sistema adimendunak

2024ko abenduaren 27a
Sistemas Inteligentes Transporte

"Garraio-sistema adimendunek teknologia aurreratuak konbinatzen dituzte kudeaketa eta eragiketa optimizatzeko, hala nola sentsoreak, komunikazioak, datuen prozesamendua eta adimen artifiziala"

TECNALIAn garrantzi berezia ematen diogu giza faktoreari gidatze autonomoan, garatzen dugun teknologia aurreratua, intuitiboa eta segurua izan dadin

Garraio-sistema adimendunak soluzio teknologiko anitzeko multzo bat dira, zeinak komunikazio-, kontrol- eta informazio-teknologiak aplikatzen baitizkiote garraio-sistemari, haren efizientzia, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Gainera, kudeaketa eta eragiketa optimizatzeko, teknologia aurreratuak ere konbinatzen dituzte, hala nola sentsoreak, komunikazioak, datuen prozesamendua eta adimen artifiziala. Halako sistemek trafikoaren egoerari, azpiegituren baldintzei eta ibilgailuei buruzko informazioa biltzen, prozesatzen eta banatzen dute, denbora errealean.

TECNALIA MEDUSA sarean parte hartzen ari da gaur egun, zeinean estatu mailako zenbait ikerketa-erakundek (IBV, CTIC eta IKERLAN) gidatze-sistema adimendunak ikertzen baitihardute.

TECNALIAren zeregina da gidatze autonomoko sistema seguruak garatzea, betiere pertsonak jarriz ikuspegiaren erdigunean.

Gidatze lagunduko saiakuntzak

Ekimenean, TECNALIAko hamar ikertzaile-taldek parte hartzen dute, eta haietatik bi hauek dihardute saiakuntzan:

  • Connected, Cooperative & Automated Mobilityko lantaldea; gidatze-simulagailua erabiltzen du, eta gidatzean maniobra zuzentzaileak eta saiheste-maniobrak programatzen ditu.
  • Human Factors & User Experience-ren laborategia; garuneko seinaleak interpretatzen ditu, hobeto ulertzeko pertsonok nola onartzen dugun gidatze autonomoaren teknologia eta nola egokitzen garen hartara.

Gaur egun, 22 parte-hartzailerekin dihardute esperimentatzen gidatze lagunduko sistema probatzeko. Horretarako, parte-hartzaileek gailu batzuk eraman behar dituzte soinean, garuneko seinaleak zein azalaren edo arnasketaren erantzun galvanikoa neurtzeko. Begiradaren jarraipena eta pupilometria-detekzioa ere egiten dute.

Esperimentuetan, parte-hartzaileek ohitzeko zenbait lan egiten dituzte gidatze-simulagailua erabiliz. Zenbait "misio" aurkezten zaizkie, osatu beharrekoak. Misio horietan, parte-hartzaileen seinale psikofisiologikoak jasotzen dira, gerora analizatzeko.

Saiakuntzen helburua da garraio-sistema adimendunen onarpena, erabilgarritasuna eta segurtasuna optimizatzea, teknologia berri horiek erabiltzaileentzat erosoak eta fidagarriak direla ziurtatuz.